Ekinez Jaialdiaren hirugarren edizioari ekin zaio ostiral honetan Bergarako Labegaraieta auzoko kirolgunean. Ateen irekiera 17:30ean izan da, eta handik aurrera jendetza hurbiltzen hasi da, nahiz eta eguraldia ez izan lagun. Euria tarteko, aterkiak ohiko irudia bihurtu dira jaialdiko lehen egunean, baina horrek ez du musika eta jaia zapuztu: ikusleek gogoz hartu dute jaialdia eta taldeek ere maila handiko emanaldiak eskaini dituzte.
Ekinez gunean Atturri taldeak ireki du egitaraua 18:00etan, eta jarraian oholtza igo dira J Martina, Ezpalak, Chuleria, Joder!, Sofokaos, Arene 6 eta Kaleko Urdangak. Azken honek 00:10ean itxi du eguna. DJ saioek ere beren protagonismoa izan dute: Kurkubeatek 17:05etik 20:05era arte jo du, eta Iskra Selectors-ek 20:50etik gauerdira arte.
Eginez gunean ere programazioa etengabea izan da. 17:40ean hasi da Nick Linbott, eta haren atzetik aritu dira Armarri, Neallta Fola, Apotheke, Naxker, Toc eta Lukiek, azken hau 23:50ean. Bi guneetan estilo eta erritmo aniztasuna nabarmendu da, eta ikusleek euriari aurre eginez parte-hartze handia izan dute.
Biharkoa egun luzeena
Ekinez Jaialdiak bihar izango du jarraipena, eta hain justu, edizio honetako egun luzeena izango da. Goizeko 12:00etatik aurrera, bi eszenatokietan etenik gabe arituko dira dozenaka artista eta talde, estilo askotako proposamenekin. Ekinez gunean Nevadah, Pubic Enemy, The Lio, Streetwise, Nafarroa 1512, The Fridays Crew eta Brigade Loco nabarmendu daitezke; Eginez gunean berriz, Orhi, Inguma, Berandu Baino Lehen, Moonshakers eta 721 bezalako taldeek emanaldiak eskainiko dituzte. DJ saioak ere goizetik gauera arte izango dira, Soria eta Printzi zein Pineapple Sweets-en eskutik. Eguraldiaren bilakaerari adi egon beharko bada ere, aurreikuspenak onak dira: musika, festa eta giro euskalduna berriz nagusituko direla espero da.