Musika-garrak pizteko gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mai. 30a, 07:03

Ekinez musika jaialdiko muntaketa-lanak, atzo, eguena, eguerdian.

Mahai-ingurua eta Kiimaren kontzertu akustikoa egin zuten atzo, eguena, hirugarren Ekinez musika jaialdia abiatzeko; 17:00etan zabalduko dituzte gaur ateak, eta, zapatu gaua bitartean, 40 kontzertu eta hainbat ekimen izango dira Labegaraietan.

Hilabeteetako antolaketa eta prestaketa lanen ondoren, gaur, egubakoitza, egingo du eztanda Ekinez Elkarteak hirugarrenez antolatu duen Ekinez musika jaialdiak. "Antolakuntza lantaldetik oso eskertuta gaude boluntarioengandik jaso dugun laguntzagatik eta harreragatik; prestakuntza lanak oso ondo joan dira, inoiz baino hobeto, eta guztion artean orain arteko Ekinez jaialdirik handiena izango da!", azaldu du antolakuntzako Beñat Etxebarriak.

Atzo, eguena, jaialdia abiatzeko egin zuten mahai-ingurua.

40 musika talde

Bi agertoki atondu dituzte: Ekinez agertoki nagusia, kiroldegi aurrean, eta Eginez izenekoa, kiroldegiaren atzeko partean dagoena. Jaialdiaren bultzatzaileen erronka izan da, hastapenetatik, urtez urte handitzen joatea, eta aurtengo kartela da horren erakusle. "40 talde izango dira guztira. Horietatik hamazortzi talde Debagoienekoak dira; eta 26 taldek lehen aldiz joko dute Ekinezen. Proposamen berriak entzutera prest etortzeko esan nahi diogu jendeari, proposamen oso interesgarriak daudelako, eta azpimarratu nahiko genuke denon artean egiten dugun jaialdia dela, eta denon gozamenerako, beraz, ingurugiroa, bizilagunak eta ondokoa zaintzeko eta elkar laguntzeko eskatu gura dugu antolakuntzatik".

Bi eguneko bonua eta gaurko sarrera gutxi batzuk geratzen dira oraindik

Kontzertuez gainera, ekimen gehiago izango dira jaialdian; esaterako, aurten, estreinakoz, tatuatzeko txokoa jarri dute: "Ez dira txandak hartu beharko aldez aurretik; txanda bertan hartu ahalko da. Gainera, nahi duenak Ekinezeko logoa doan tatuatu ahalko du". Hiru barra eta hiru janari-furgoneta edo foodtruck egongo dira –hanburgesak, taloak eta ogitartekoak egongo dira, besteak beste–, eta skate parkea erabilgarri egongo da jaialdiko ateak irekita dauden bitartean.

721 taldea Arrasateko San Andres auzoko jaietako kontzertuan. Argazkia: Poli-Karpo

Danbakatik, Ekinezera

Aretxabaletako 721 taldeak urtarrilean jokatutako seigarren Danbaka Musika Lehiaketako finalean eskuratu zuen Bergarako musika jaialdirako txartela, eta "gogotsu" daude Ekinezeko agertokira igotzeko; zapatuko Eginez guneko egitaraua

itxiko dute. Urtarriletik hona taldea "hazi" egin dela dio Pxli (Markel Bengoa Lana) abeslariak: "Denbora luze honetan asko entseatu dugu, eta zuzenekoak prestatzeko hainbat kontzertu egin ere bai. Hamar kantuko lana argitaratu genuen apirilaren amaieran, eta bihar, zapatua, 40 minutuko emanaldian, diskoa goitik behera joko dugu".

Zazpikotea da 721 taldea: Ekso (Mikel Egia Barandiaran) eta Pxli (Markel Bengoa Lana) abeslariek; Gusi (Ugutz Rosado Garcia) DJak; Parra (Andoni Parra Alonso) gitarra-joleak; Okina (Ander Okina Alutiz) baxu-joleak; Liher (Liher Oiarbide Arrese) bateria-joleak eta Jul (Julene Rosado Garcia) tronpeta eta gitarra-joleak osatzen dute, baina Ekinezen zortzigarren kide bat izango dute taularen gainean: euren lagun Aitor Ruiz de Austri tronboi-jolea, hain justu.

Lurraldebuseko gaueko zerbitzua izango da bihar, zapatua, Ekinez jaialdirako

Autobus zerbitzua, indartuta

Lurraldebuseko gaueko zerbitzua izango da jaialdirako, Bergarako Udalak Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eskaera egin ostean. Hori horrela, maiatzaren 30etik 31ra, bi orduz behin zerbitzuak egongo dira Eibartik, 00:00etatik 06:00etara. Geltokiak Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan (00:50ean eta 04:50ean bakarrik) eta Eskoriatzan (00:55ean eta 04:55ean) izango dira. Alderantziz, bi ordutik behin irteerak egongo dira, 23:15etik 05:15era, Arrasatetik. Horretaz gain, bi irteera izango dira Eskoriatzatik (01:00etan eta 05:00etan) eta Aretxabaletatik (01:05ean eta 05:05ean).

Biharko sarrerak, agortuta

Harrera ona izan du sarrera salmentak, baina oraindik ere badira bi eguneko bonua –40 euro gehi kudeaketa gastuak– eta gaurko, egubakoitza –25 euro gehi gastuak–, eskuragarri. Ekinez jaialdiak Instagramen duen kontuan dago erosteko aukera, baita jaialdiaren gaineko arautegia eta bestelako informazio osagarria ere.

Kontzertuen ordutegia

EGUBAKOITZA

  • Ekinez gunea

    • 18:00 Atturri.
    • 19:05 J Martina.
    • 20:05 Ezpalak.
    • 21:05 Chuleria, Joder!
    • 22:05 Sofokaos.
    • 23:05 Arene 6.
    • 00:10 Kaleko Urdangak.
    • DJen emanaldiak: 17:05-20:05: Kurkubeat eta 20:50-00:10: Iskra Selectors.
  • Eginez gunea

    • 17:40 Nick Linbött
    • 18:40 Armarri.
    • 19:35 Neallta Fola.
    • 20:35 Apotheke
    • 21:35 Naxker.
    • 22:40 Toc.
    • 23:50 Lukiek.

ZAPATUA

  • Ekinez gunea

    • 12:00 Nevadah.
    • 13:00 Pubic Enemy
    • 14:00 The Lio. 
    • 15:00 No Limits.
    • 16:05 Kaparrak.
    • 17:15 Azken Sustraiak.
    • 18:20 The Clayton.
    • 19:25 Streetwise.
    • 20:30 Nafarroa 1512.
    • 21:35 Añube.
    • 22:40 The Fridays Crew.
    • 00:00 Brigade Loco.
    • DJen emanaldiak: 17:05-20:05: Kurkubeat eta 20:50-00:10: Iskra Selectors.
  • Eginez gunea
    • 12:45 Bidelapurrak.
    • 13:45 Gozzue.
    • 14:40 Orhi.
    • 15:40 Laino Beltzak.
    • 16:40 Istilu.
    • 17:40 Inguma.
    • 18:40 Berandu Baino Lehen
    • 19:40 Estutu.
    •  20:40 Kontralde.
    • 21:40 Moonshakers.
    • 22:40 Sotoalde.
    • 23:40 721.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak