Kopako finalak jokatuko dituzte datorren asteburuan Bergarako gazte eta senior mailetako eskubaloi jokalariek, finalerdietan garaipenak eskuratu ondoren joan den asteburuan. Saiekoren aurkako partidua izan zuten gazteek, eta norgehiagoka "berdindua" izan arren, 38-36 irabazi zuten bergararrek: "Gol askoko lehen zatiaren ondoren, 18-20 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian bergararrek donostiarren erasoko trantsizio azkarrak geldiaraztea lortu zuten, eta, hala, partiduaren erritmoa jaistea. Kontrol handiagokoa izatera pasa zen partidua, eta bergararrak erosoago sentitu ziren, 31-31ko berdinketarekin. Luzapeneko lehen zatian Saiekok hainbat akats egin zituen, eta bergararrak 36-34 aurreratu ziren. Bigarren zatia kontrolpean mantendu zuten, eta 38-36 irabazi".
Seniorrei dagokienez, berriz, 26-22 irabazi zuten Urolaren aurkako partidua, eta horrela lortu zuten finalera igarotzeko txartela. "Lehen zati oso on baten ostean, gol errenta nabarmena lortu zuten atsedenaldirako, 14-8ko emaitzarekin. Bigarren zati hasierak dinamika berdina eraman zuen, eta bergararrak bederatzi goleko errenta izatera iritsi ziren: 24-15. Hortik aurrera, Urolakoek hainbat aldaketa egin zituzten erasoko zein defentsako sisteman presioa handituz, eta markagailuan distantzia txikitzea lortu zuten lau goletara. Hala ere, momentu batean ere ez zen arriskuan egon bergararren garaipena".