Maiatzaren 31ko Euskadiko txapelketan borobildu nahi du Ariznoak aurtengo denboraldia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko mai. 27a, 13:06

Senior mailakoak Euskadiko txapeldun, aurreko asteburuan.

Amaitzear da denboraldia Bergarako Ariznoa gimnasia erritmikoko elkartearentzat, eta maiatzaren 31n Durangon jokatuko den Euskadiko txapelketan ahalik eta lan onena eginda nahiko lukete borobiltzea denboraldia. "Talde guztiekin lortu dugu dantza ongi erakustea eta gimnastak egindako lanarekin gustura geratzea. Balorazio oso ona egiten dugu".

Gaur egun 100 gimnasta inguru dituzte Ariznoa klubean, eta lau entrenatzaile: Ainize Lizarralde, Irati Gardoki, Naia Aranguren eta Arrate Bascaran. Diote leku falta igarri dutela aurten: "Txapelketa mailakoekin Labegaraieta kiroldegian entrenatzen dugu eta benjamin eta aurre-benjaminekin, aldiz, Antzuolako frontoian eta Ipintzako gimnasioan. Entrenatzeko dugun tokia oso mugatua da; izan ere, gero eta gimnasta gehiago ditugu eta tokia txiki gelditzen ari zaigu", adierazi dute Gardokik eta Lizarraldek.

Presentzia finaletan, Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan

Aurtengo denboraldiko lorpenik esanguratsuenak maiatzean zehar heldu dira: "Maiatzean zehar izan ditugu Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketak, eta lorpenik esanguratsuena ia talde guztiak final horietara sailkatzea izan da. Horrez gain, final horietan emaitza oso onak lortu ditugu: Gipuzkoako txapelketan infantil mailan Ane Eraña antzuolarra bigarren gelditu zen sokarekin eta Maia Bengoa bergararra hirugarren uztaiarekin, biek batera osatutako bikotea sailkapen orokorrean bigarren sailkatuz. A kadete mailako taldea bigarren sailkatu zen eta B kadeteak aldiz bosgarren. Seniorrak ere bigarren sailkatu ziren Gipuzkoako txapelketa horretan. Azkenik Itziar Alberdi bergararra lehenengo sailkatu zen uztaiarekin, bigarren pilotarekin eta lehenengo sailkapen orokorrean A senior kategorian. Asteburu honetan izandako Euskadiko Txapelketan seniorrak txapeldun gelditu ziren".

Izen propioren bat nabarmentzekotan, Itziar Alberdi aipatu dute: "Bere lanak eta konstantziak eraman du podiumeko lehen posturaino". Hori bai, taldean egindako lana da, Gardoki zein Lizarralderentzat, gako nagusia: "Gakoa izan da urte guztiko lana entrenamenduetan zehar, izan ere, kirol honetan oso garrantzitsua da diziplina eta konstantzia hori, lan guztia bi minutu eta erdiko ariketan erakutsi ahal izateko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak