Final laurdenetara sailkatu da Bergara Herri Arteko Pilota Txapelketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko mai. 24a, 10:36

Gazte mailako partiduko une bat, atzo.

Herri Arteko Pilota Txapelketako final zortzirenetako itzulerako jardunaldia jokatu zuten Bergarak eta Amezketak, atzo, Bergarako udal pilotalekuan. Hiru partidutatik bi irabazita, merezimendu osoz sailkatu da Bergara final laurdenetara.

Amezketan jokatutako kanporaketan hiru partidutatik bi irabazi zituen Bergarak (1-2) eta atzo ere berdina izan zen emaitza (2-1). Kadete mailako Contreras eta Ilarduiak partidua 22-17 galdu zuten; gazte mailako Etxabek eta Ormaetxeak 22-3 irabazi zuten eta, azkenik, senior mailako Etxaniz eta Oterminek 22-9.

Kadete mailako pilotariak epailearekin, atzoko partidua hasi aurretik.

Kadete mailako partidua ondo hasi zuen bikote bergararrak, 7-3 irabazten joateraino, baina bereziki atzelari bergararraren segurtasun faltak eraginda, Amezketako bikoteak buelta eman zion markagailuari (7-12). Bazirudien partidua hor amaituko zela, baina bukaeran lehia gogortu egin zen eta emozioa izan zen azkenera arte (17-22).

Gazte mailako pilotariak epailearekin, atzoko partidua hasi aurretik.

Gazte mailako Etxabe eta Ormaetxeak oso maila ona erakutsi zuten eta erraz nagusitu ziren (22-3) eta emaitza horrek ziurtatu zuen Bergarak final laurdenetarako txartela.

Senior mailako pilotariak epailearekin, atzoko partidua hasi aurretik.

Senior mailan, azkenik, Etxanizek eta Oterminek maila ona erakutsi zuten erasoan zein defentsan eta zailtasun handirik barik menperatu zuten Amezketako bikotea: 22-9.

Bergara Kirol Elkarteko Julen Aranburu pozik zegoen jardunaldiaren amaieran: "Pozik gaude bi kanporaketetan gure pilotariek erakutsi duten mailarekin. Ea orain Zestoaren eta Andoainen arteko kanporaketa nola geratzen den, bi herri horietako bat izango da-eta final laurdenetako gure aurkaria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak