Beñat Labaien (Bergara, 1987) bergararra Real Madril taldean arituko da hurrengo denboraldian, Xabi Alonsoren lantaldeko kide moduan. Carlo Ancelotti eta bere lantaldeari erreleboa hartuko diote Alonsok eta Labaienek beste bi prestatzaile berrirekin batera.
Alonso, astelehenean aurkeztuko dute Real Madrileko entrenatzaile berri bezala, eta bere aldamenean izango duen konfiantzazko prestatzaileetako bat izango da Bergarakoa.
Labaien, aurretik, ibilitakoa da talde zuriko harrobian, 2011tik 2014ra gazte mailan eta Bigarren Mailako Real Madrid Castilla taldean aritu zen-eta, Fernando Morientesen lantaldean.
Ibilbide mamitsua
Bergara Kirol Elkartean jokalari moduan aritu ostean, Madrilera joan zen Labaien INEF ikastera. Ordutik hainbat taldetan aritu da, prestatzaile, laguntzaile eta analista bezala.
Atletico Madrilen, 2007tik 2010era aritu zen, talde gazteekin lanean, eta 2011an 17 urte azpiko Espainiako selekzioan ibili zen Julen Lopetegi, Santi Denia, Fernando Hierro eta Luis Millarekin batera.
Onodren, 2011tik 2014ra Real Madrileko harrobiko taldeetan aritu zen, eta 2014an gazte mailako Alconbedas Levitt taldeko entrenatzailea izan zen. 2015-2016 denboraldian Morientesekin batera Fuenlabradan aritu zen bigarren entrenatzaile lanetan, eta 2016-2017 denboraldian Bigarren Mailara itzuli zen, Alberto Torilek zuzendutako Elche taldeko tekniko-laguntzaile bezala.
Elxetik Ingalaterrako Championship mailara (2. maila) egin zuen jauzia Beñat Labaienek 2017an, Victor Orta kirol-zuzendariak Leeds United talderako fitxatu zuen-eta. 2018tik 2021era Realeko lantaldera batu zen Labaien, Roberto Olaberen aginduetara, eta Asier Garitanorekin eta Imanol Alguacilekin ibili zen, laguntzaile lanetan.
2022 urtean Japoniako Tokushima Vortis taldeko entrenatzaile bezala aritu zen Labaien, eta 2024an Qatarreko Ligara egin zuen jauzia Miguel Angel Ramirezen eskutik. Al-Wakrah taldean hilabete batzuk laguntzaile lanetan egon ostean, Ramirezekin batera Zaragoza taldera joan zen Labaien, gaur egunera arte.