Orwell-en bizipen latzak, euskaraz ere irakurgai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mai. 26a, 12:24

Rafa Santxitz-Muxika Bergarako itzultzailea, argitaratu berri duen liburuarekin.

George Orwellen Down and out in Paris and London eleberriaren euskarazko bertsioa argitaratu du Rafa Santxitz-Muxika bergararrak; maiatzaren 28an aurkeztuko du, Olaso Dorrean, Goienak eta Jardun Euskara Elkarteak elkarlanean antolatuta.

Orain dela urte asko, Ingeles Filologiako ikasketak egiten ari zela, irakurri zuen estreinakoz Rafa Santxitz-Muxika Bergarako itzultzaileak George Orwellen Down and Out in Paris and London eleberria. "Zer pentsatua eman zidan marjinatuen esperientzia autobiografiko hark, eta ez zaizkit inoiz irakurketa haiek ahaztu. Orain urte asko, euskarara itzultzen hasi nintzen mantso-mantso, eta, erretiroa hartuta, denbora gehiago eskaini nion. Igela argitaletxearen laguntzarekin, dagoeneko euskaraz ere irakurgai dago Lur jota Parisen eta Londresen izenekoa", dio Santxitz-Muxikak.

Orwellen "sen profetikoa"

Garaiko Britainiar Inperioan hazitako umea izan zen Eric Blair –idazle moduan George Orwell izenarekin sinatzen bazuen ere–. Indian jaio eta han bizi izan zen, 14 urte bete zituenean familiarekin Ingalaterrara joan zen arte. "Eton College eskola entzutetsuan ikasketak bukatu ondoren, Indiako Polizia Inperialean sei urtez zerbitzatu zuen, eta ondoren ekin zion idazle ibilbideari. "Behartsuen zerbitzura zegoen idazle izan nahi zuen Orwellek, eta haren azalean bizi izan zituen miseriak eta bazterkeriak jaso zituen estreinako liburu hartan. 1933an argitaratu bazuen ere, mezu eta kontakizun oso garaikidea du oraindik ere, Orwellek bizi izandako egoerak gure inguruan ere baditugu eta".

Apaindura gutxiko idazkera

Orwellen idazkerari fidel izaten saiatu dela dio Bergarakoak: "Apaindura gutxirekin idazten zuen; haren prosa oso erraz irakurtzen da, eta kontatzen duena interesa eta umore ironikoa du. Pertsonaien arteko elkarrizketa asko kaleko hizkeran idatzi zituen, eta nik ere hautu hori egin dut, hitanoa eta zuka tartekatuta".

Bergaran aurkezpena

Etzi, eguaztena, Bergarako Olaso Dorrean aurkeztuko du, 18:30ean hasita, Goiena Komunikazio Taldearen eta Jardun Euskara Elkartearen eskutik. Liburua erosteko aukera egongo da ekitaldian, eta Goienakideek eta Jarduneko bazkideek merkeago erosi ahalko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak