Maiatzaren 31n ospatuko den Tabakorik Gabeko Nazioarteko Egunaren harira, tabakoaren kontsumoaren inguruko kontzientziazioa areagotzeko eta prebentzio mezua zabaltzeko sentsibilizazio kanpaina eta liburua aurkeztu ditu Bergarako Udalek.
Irakurriz sentsibilizatu
Arantzazu Loidi Prebentzioko teknikariak azaldu duenez, Krixkitin eta Erraldoiak Aire Garbia Arnastu Zutenean liburuak tabakoaren arriskuak, erretzeari uzteko aukerak eta kerik gabeko guneak ezagutzeko aukera eskaintzen du eta martitzenetik aurrera herriko eskoletan ikasleek irakurtzeko aukera izango dute.
Liburuarekin batera, sentsibilizazio kanpainaren barruan maiatzaren 29an burutuko dituzten jarduerak ere azaldu ditu: Oxirondo plazan mahai informatiboak jarriko dira herritarrek tabakoaren ondorioei buruzko informazioa jaso eta erretzeari nola utzi ezagutzeko,; Bergara oinez taldeak herriko kerik gabeko guneetan zehar ibilbidea osatuko du; eta Lehen Hezkuntzako ikasleek tabakoaren kalteak ezagutzeko gynkana bat egingo dute.
Prebentzioan lan egitea funtsezkoa da
Zihortza Marzan udal zinegotziak adierazi du prebentzioan lan egitea ezinbestekoa dela: "Tabakoaren kontsumoak oraindik ere eragin handia du gure gizartean, eta prebentzioan lan egitea funtsezkoa da. Udaletik konpromisoa hartua dugu ohitura osasungarriak sustatzeko. Honen harira, esaterako, Usondo parkea eta Lanbegaraietako aisialdi gunea kerik gabeko gune ditugu izendatuta".