Gaurtik aurrera Bergarako hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aukera eskuragarri dago Appa Hi! aplikazioan. Bergarako Udalak eta Badihardugu Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute bertako hika sustatzeko helburuarekin.
Bergarako Udalak Hikaldia bultzatu izan du Euskaraldiaren azken bi ekitaldietan eta Bergarako hitanoaren transmisio etenari aurre eginez, orain erreminta bat eskaini nahi die berez hika jasotzeko aukerarik izan ez duten belaunaldi berriei.
Galdera-erantzunen jolasa
Appa Hi! aplikazioak 35 eguneko ikasketa prozesua du erabilgarri, bost astetan zehar bost maila burutzeko. Egunero pilula bat egiteko aukera ematen du eta galdera-erantzunezko jolasa du oinarri azalpen, marrazki eta bideo bitartez. Bost maila dira gainditu beharrekoak, baina erabiltzaileak berak jarri diezaioke bere erritmoa. Ekimen honekin, herriko hitanoari bizia emateko aukera izango dute bergararrek.