11:00etarako zegoen irteera aurreikusita eta 10:00ak jota hasi dira lehen txirrindulariak plazara gerturatzen, bertan ipinitako mahaian dortsalak eta txokolate-barrak hartzeko. Bizikleta gainean zihoazen guztiak, noski; eta asko, martxaren bereizgarri diren mozorroak jantzita. Udaletxeko balkoitik bertsoak kantatu dizkiete; eta martxara batutako Pello Garitanoren senitartekoei lore sorta eta xanpaina eman dizkiete antolatzaileek. Topa egin eta ekin diote pedalei emateari. Halaxe, San Martin plaza atzean utzi eta jarri dira Gorlarako bidean.
"Jendeak ulertu du martxaren esentzia"
Kolore ugari, beraz; zerua urdin; eta lagun-giro aparta. Pozik hitz egin du Xabier Uribesalgok, Lokatzaren izenean: "Balorazioa ona da. Egia da partaide kopuruak behera egin duela aurreko urtekoekin alderatuta, baina gauza asko daude gaur Bergaran eta horrek izan du eragina, seguruenik; inoiz ez dakizu. Garrantzitsuena da jendeak ulertu duela –Pello Garitano gogoan– zein den martxaren esentzia: lehiarik gabea. Kuadrillak, bizikletan ibiltzeko ohitura askorik ez duen jendea... lortu dugu elkartzea Bergarako askotariko jendea eta hori da guk nahi genuena. Aldiro sekulako eguraldia izan dugu, gainera! Pellok sakatuko zuen botoia!".
Datorren urtera begira
Datorren urtera begira, egitaraua osatzeko ideia buruan darabiltela gaineratu du: "Pello saltsa askotan ibiltzen zen eta izaera ezberdineko herriko hainbat taldek erakutsi digute interesa egunarekin bat egin eta zerbait osatuagoa egiteko".