Azkaiter Pelox taldea Batera hegan diskoarekin izango da bihar, hilak 16, Seminarixoan (21:30); sarrerak leihatilan erosi ahalko dira, bost eurotan. Diskoko zortzi abestiez gain, beste batzuk ere joko dituzte, baina diskoaren "lurreratzea" izango dela dio taldeko Unai Azkaratek: "Zuekin marrazten ari garen bidaia honen melodiak bihotzean dauzkagu tatuatuta. Hasierako zirriborroak denbora eraman zuen airean eta orain esku artean ditugun mapa eta bidaia-koadernoek laguntzen digute etengabe gure bidea topatzen. Arkatzak zorroztu, pintzelak garbitu eta instrumentuak afinatuta egiten dugu hegan. Jakinda garrantzitsuena ez dela hegaldia, baizik eta lurreratzea!".
Zuzenekoa, "bidaia bat"
"Berezia" izango da gaurko kontzertua: "Data oso garrantzitsua da guretzat, Seminarixoan eta herrikideen aurrean joko dugu eta. Lagun artean aurkeztu nahi dugu Batera hegan, eta gure jarraitzaile eta lagun guztiak gonbidatu nahi ditugu emanaldira; gure ikasle batzuek ere hitza eman digute etorriko direla. Nire urtebetetzea izan da asteon, eta ez dago modu hoberik ospatzeko agertokian dena emanda egitea baino".
Bidaia bat bezala planteatuko dute kontzertua: "Debagoienetik kostaldera joango gara, errekan behera. Gero, Oriotik itsasoa zeharkatuz Irlandara joango gara, hegazkinez, eta handik Chicagora. Musika eta gure irudimena baliatuz etxera bueltatzeko hegazkina gure herriko aireportuko agertokian lurreratuko dugu. Azkaiter Peloxen tripulazioa oso gogotsu dago kontzertuan dena emateko; gero, elkartean bapo afalduko dugu".