Aitor Manso eta Igor Urien izan dira Gorlan azkarrenak

Xabier Urtzelai 2025ko mai. 11a, 16:55

Gorlako auto igoerako 30. edizioan Aitor Manso –monoplazetan– eta Igor Urien –turismotan– izan dira azkarrenak. Eguraldiak dezente baldintzatu du proba, entrenamenduetako txanda sikuan egin eta gero lehenengo txandan euri zaparrada bota duelako: "Horrek buruhausteak sortu dizkie pilotuei, eta pena izan da zaleei begira, baina gustora geratu gara lasterketak emandakoaz", adierazi du Xabi Zabaletak.

Gorlako Igoerak 45 pilotu batu ditu 30. edizioan, eta motorzaleek auto ikusgarriekin gozatu ahal izan dute. Eguraldi iragarpenak ez ziren batere onak, eta horren beldur ziren pilotuak, alegia, tarteka azaltzen ziren laino beltzek noiz botako zuten euria. Entrenamenduetako txanda sikuan egin ahal izan dute, eta hor, etxeko zaleen aurrean egin duen bigarren lasterketan Aitor Zabaletak –semeak– arazoak izan du BMW M3arekin. "Etxekoen aurrean gauzak ondo egin nahi izaten ditugu eta... behar baino gehiago arriskatu dudalako edo kolpea eman diot autoari atzealdean, eta lehenengo txanda ezin izan dugu egin. Lagunen laguntzarekin autoa konpondu ahal izan dugu eta sikiera bigarren txandan lasterketa egin ahal izan dut, eta bustian kontuz ibili beharra bazegoen ere nahiko denbora txukuna egitea lortu dugu (3.00.984), ea datorren urtean baldintza hobeekin txukunago jarduten dugu", adierazi dio lasterketa amaitutakoan GOIENAri.

Zabaletatarren artean, semea ez da arazoekin ibili den bakarra, aitaren Lola BMWak ere "katarroa" zuelako. "Segituan konturatu naiz motorra ez neukala ondo, eztulka zebilelako", adierazi du Zabaletak umorez. "Saiatu gara txanda batetik bestera aldaketak egiten, piezaren bat aldatu, sentsorea... Baina ez dugu jakin ondo nondik zetorren arazoa eta halamoduz ibili da autoa. Bustian ez da horrenbeste igartzen, ez dugulako autoaren potentzia dena behar, baina autoak 400 zaldi baldin baditu, gaur 200ekin egin dugu lasterketa, eta horrela ez dago askorik egiterik. Ea bihar ikusten dugun motorraren eztul hauek nondik datozen". Hala oraingoan Bergarako pilotu beteranoak hirugarren postuaz konformatu behar izan du monoplazetan (2.56.023), lasterketa irabazi duen Aitor Mansoren (2.49.342) eta bigarren egin duen Josu Beitiaren (2.50.115) atzetik.

Turismotan ere Igor Urienek hainbat segundotako abantailarekin irabazi du (2.53.671). Irteera puntuan badira abadiñoarrarena baino auto ikusgarriagoak, baina Boluko auzotik gora bizkaitarraren Citroen AX E2-a geldiezina izan da, lau segundo atera dizkio eta bigarren sailkatu den Xabier Lujuari (Porsche 911 GT3). Podiuma osatzen hirugarrena, berriz, Ibon Otaegi izan da (BMW M3). Hemen sailkapena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak