EAJk ekimen bat aurkeztu du Angiozarrek tokiko entitate txiki izendapena lor dezan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 7a, 11:34

Angiozar, artxiboko irudi batean.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu du ekimena, eta Foru Aldundia "alde" agertu da; espero dute "akordio zabal bat" lortzea talde politiko guztiekin.

EAJk ekimen bat aurkeztu du Angiozarrek, Ezkio-Itsasorekin batera, tokiko entitate txiki izendapena lor dezan, helburua "argia" izanda: "Behingoz, Ezkio-Itsasoko eta Angiozarko biztanleen aldarrikapen legitimo eta iraunkor bati erantzutea. Proposamenaren asmoa da indarrean dagoen araudia eguneratzea, argitasun eta segurtasun juridiko handia emateko, eta, hala, Gipuzkoan tokiko erakunde txiki berriak eratzeko ateak irekitzeko". Haren hitzetan, "kontua ez da soilik lege bat egokitzea, baizik eta lurraldean sakon errotutako eskaera bati erantzutea".

Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu dute ekimena jeltzaleek, "urrats sendo eta erabakigarri bat emateko unea iritsi dela" iritzita, eta adierazi dute Diputazioak begi onez jaso duela euren asmoaren berri: "Gipuzkoako Foru Aldundia gure ekimenaren alde agertu da, gure proposamenaren tramitazioa babestuz. Areago, erantzukizunez jokatzen denean, irtenbide bidezkoetan aurrera egitea posible den seinale argia da".

Jeltzaleak, "irekita"

Jarrera "eraikitzailea, baikorra eta akordiora irekia mantentzen du" EAJk, ohar baten bidez adierazi dutenez, eta espero dute "akordio zabal bat" erdiestea talde politiko guztiekin, "auzotarren eskariari erantzuteko, konponbidea eskatzen baitute". Are, honako hau erantsi du Ianko Gamboak, EAJko bozeramaileak: "Errespetuan, elkarrizketan eta herritarrekiko konpromisoan oinarritutako politika egiteko era defendatzen dugu. Izan ere, lurralde-antolaketaz eta tokiko autogobernuaren forma berrien aitorpenaz hitz egiten dugunean, hurbileko demokraziaz eta benetako parte-hartzeaz ere ari gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak