2019an sortu zuten Iruneko Irati Gonzalezek eta Zarauzko Koldo Arakistainek Berdinki Zirku Garaikide Konpainia, eta gaur egun zirku eskola bat dute eta askotariko emanaldiak egiten dituzte kalean zein aretoetan. Iazko abenduan estreinatu eta "harrera ona" izan duen Leinu lana eroango dute zapatuan Bergarako Seminarixora. "Zirku ikuskizun nahiko pertsonala da. Sortzaileok 40 urte inguruko zirku artistak izanik, sormen lanak eta izaki berri baten jaiotzeak sorturiko zalantza eta kezken inguruko ikuskizuna da. Banaka eta binakako akrobaziak egiten ditugu taularen gainean gauden Koldok eta biok, oihalak, dantzak, hitzak, kantuak, musikak eta argiak erabilita", dio Irati Gonzalezek.
Helduentzako sortua
50 minutu irauten du ikuskizunak, eta, "istorioak oinarri dituen gaiak aintzat hartuta, helduentzat sortuta dagoela" dio Gonzalezek, "baina adin guztietako ikusleentzako ere egokia" dela gaineratuta.
Zortzi eurotan daude sarrerak eskuragarri, Seminarixoa.eus atarian eta leihatilan.