Bergarako Udalak martxan jarri du 2025eko Pentekosteetarako kartel lehiaketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko api. 24a, 11:22

2024ko Pentekosteen hasiera.

Bergarako Udalak 2025eko Pentekoste Jaietako programaren azalaren diseinua aukeratzeko kartel lehiaketa antolatu du beste urte batez. Lehiaketa irekia izango da, eta edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, adin mugarik gabe. Lanak aurkezteko azken eguna izango da maiatzaren 6a; irabazleak herriko komertzioetan trukatzeko 400 euroko bonua jasoko du.

Lanak teknika askekoak izango dira eta ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: 30 x 42 zentimetroko neurriak, 300 ppp-ko erresoluzioa, formatu bertikala, eta paperean inprimatuta, kartoizko oinarri baten gainean aurkeztuak. Era berean, lanaren kopia digitala ere aurkeztu beharko da euskarri informatiko batean. Kartel guztiek testu hau jaso beharko dute: Pentekoste Jaiak 2025 Bergara.

Aurkeztutako lanek originalak izan behar dute, argitaratu gabeak eta beste lehiaketaren batean aurkeztu gabeak. Ez da onartuko egilearen nortasuna agerian uzten duen inolako identifikaziorik, eta lehiaketara aurkezten diren lanek ezingo dute adikzioen prebentzioaren edo berdintasunaren aurkako mezurik izan. Irabazleak 400 euroko bonuak jasoko ditu, Bergarako merkataritza-guneetan trukatzeko. Epaimahaiak, lanek gutxieneko kalitate mailarik ez dutela iritziz gero, saria eman gabe utzi ahal izango du.

Lanak aurkezteko azken eguna 2025eko maiatzaren 6a, 13:00ak baino lehen da, eta Bergarako Udaleko BAZ zerbitzuan entregatu beharko dira. Epaimahaia honako kideek osatuko dute: Berdintasun, Prebentzio eta Kultura sailetako ordezkari bana, Jai Batzordeko ordezkari bat, komunikazioan eta diseinuan aditua den pertsona bat eta arte diziplinan ezagutza duten herriko bi ordezkari.

Gainera, herritarrek ere izango dute bozkatzeko aukera, maiatzaren 9tik 12ra bitartean udalaren webgunean, eta boto horiek azken ebazpenean %40ko pisua izango dute.

San Martin plazako txosna

Aurten ere Udalak txosna bat jarriko du San Martin plazan 2025eko ekainaren 6tik 10era, Pentekoste jaiak direla eta. Txosna hau ustiatzeko interesa duten Bergarako irabazi-asmorik gabeko kultura, kirol edo ongizate arloko elkarteek eskaera aurkezteko aukera izango dute, lehentasuna izango dutelarik kultura, kirola, hezkuntza eta ongizatea helburu dituzten herriko taldeek. Eskaerak aurkezteko azken eguna maiatzaren 7a izango da, 12:00ak arte, B@Z bulegoan. Eskaera bat baino gehiago izanez gero, zozketa egingo da egun berean, 14:00etan, Udaleko Idazkaritzan.

Txosnaren ustiapenaren baldintzen artean, gutxieneko ordutegi bat betetzea, musika erabilera mugatzea, eta euskara lehenestea daude, bai ahozko komunikazioan, bai musikan (%75 euskaraz gutxienez), bai publizitatean. Alkohola adin txikikoei ez saltzeko debekua zorrotz betearazi beharko da, eta txosnagunean ez da onartuko irainik edo eduki matxistarik duten kartelik.

Udalak, bere aldetik, txosnarako espazioa eta beharrezko baliabide teknikoak (argindarra, ura, komun publikoa) jarriko ditu, eta edalontzi berrerabilgarrien erabilera bermatuko da. Gainera, hondakinen bilketa eta sailkapena egoki egiteko baliabideak eskainiko ditu.
Ustiapena esleitzen zaion elkarteak 375 euroko fidantza eta erantzukizun zibileko asegurua aurkeztu beharko ditu maiatzaren 29a baino lehen.
Informazio gehiago eta baldintza guztiak kontsultatzeko, interesdunek Bergarako Udalaren webgunera edo Euskara eta Kultura Zerbitzuetara jo dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak