Urtarrilaren 13an ekin zion herri ekinaldi legegilea babesteko sinadura bilketari Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, eta azken txanpan sartua da. Bailarako pentsiodunek jakinarazi dutenez, maiatzaren 3a, zapatua, izango da sinatzeko azken eguna, eta datorren asteleheneko elkarretaratzean egongo da horretarako aukera, besteak beste. Hilaren 7an, berriz, sinadura bilketako datuen berri emateko agerraldia egingo dute Donostian.
Maiatzaren 15a izango da, halere, egun garrantzitsuenetako bat, orduan entregatuko baitituzte jaso dituzten sinadura guztiak Eusko Legebiltzarrean. Horretarako, manifestazioa egingo dute lehenbizi Gasteizen –herriz herri antolatu dituzte autobusak hara joateko; horrenbestez, Debagoienetik ere egongo da aukera–, eta ondoren joko dute Legebiltzarrera.
Ekintza gehiago
Maiatzaren Lehenean "soldata eta pentsio duinen aldeko babesa emateko" eskaria egin dute pentsiodunek, eta, era berean, jakinarazi dute jaialdi kulturala antolatu dutela maiatzaren 8an, eguenean, Galdakaon. Haien hitzetan, "egitarau oparoa" prestatu dute, hala nola herri bazkaria, bertsoak eta Gontzal Mendibilen kontzertua izango baitira, eta hara joateko gonbita egin dute.