Pentekoste jaietako zapia diseinatzeko lehiaketa martxan jarri du Jardun Euskara Elkarteak

Sara Lanz 2025ko api. 18a, 08:00

Zapietan agertuko den irudia eta mezua hautatzeko asmoz, Jardunek herritarren parte-hartzea sustatu nahi du sortzaileei irekita dagoen lehiaketa baten bitartez. Diseinu eta lelo batekin, euskararen aldeko mezua jai giroan txertatzea da helburua.

Pentekoste jaietarako zapia diseinatzeko marrazki eta lema lehiaketa abiarazi du Jardun Euskara Elkarteak. Ekimen hau herritarren parte-hartzea sustatzeko antolatu da, eta edonork hartu dezake parte, adina edozein dela ere. Lehiaketak bi atal izango ditu: alde batetik, marrazkia eta lema batera aurkezteko aukera, eta bestetik, lema soilik lehiatzeko aukera. Parte-hartzaileek nahi beste lan bidali ahal izango dituzte.

Marrazkien gaia jaiak izango da, eta lanak A4 formatuan eta zuri-beltzean aurkeztu beharko dira. Bi kategoria ezarri dira: haurrena –12 urtetik beherakoentzat– eta helduena –12 urtetik gorakoentzat–. Lema, berriz, euskararen aldeko mezua izan beharko da, laburra eta originala, eta marrazkiarekin batera aurkeztu daiteke, edo modu independentean.

Lanak nola aurkeztu

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 14an amaituko da, asteazkenarekin, eta bi bidalketa modu egongo dira: batetik, Jardun Euskara Elkartearen bulegora (Oxirondo plaza 2, 1. solairua) eramatea; eta bestetik, posta elektronikoz bidaltzea, jardun@topagunea.eus helbidera. Lanetan egilearen daturik ez da jarriko; datu pertsonalak –izena, abizenak, adina, telefonoa eta helbidea– kartazal itxi batean sartuko dira, eta hori beste kartazal handiago batean marrazkiarekin edo lemarekin batera. Posta elektronikoz bidaltzen bada, bi fitxategi atxiki beharko dira: bata lana jasotzeko, eta bestea egilearen datuak gordetzeko.

Irabazleen sariak

Antolatzaileek ohartarazi dute ez dela onartuko irudi sexistak edo estereotipo sexistak dakartzaten lanik, eta epaimahaiak saria eman gabe uzteko eskubidea izango du, aurkeztutako lanen kalitatea kontuan hartuta. Sariak hiru izango dira: helduen marrazki onenak 100 euro jasoko ditu, haurren marrazki onenak 60 euro, eta esaldi onenak 40 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak