Bergarako Algodonerako finantza-sailean aritu zen bost urtez lanean Nora Pilarte, eta orain, Denim inspirazioa bildumarekin etorriko da Bergarara. Erakusketan protagonista dira denim ehuna eta kolore urdina. Donostian zuen ohiko erakusketa New Yorkeko, Miamiko, Zuricheko, Monakoko edo Bartzelonako erakusketekin uztartu ditu, eta tarte horretan, Donostia eta bertako gremioak liburua ere kaleratu du. Bere koadroetan mihise gisa Algodonerako oihala erabiltzen duela aitortu du: "Gaur egun, Evlox enpresarekin (lehengo Tavex) lankidetzan dihartut, denim-a oinarri gisa hartu eta lan artistikoak garatzeko.
Orain arte egindako lanak bildu ditu, baina baita Bergaran berariaz aurkezteko pentsatutakoak ere; horrela, ehungintzan inspiratutako multzo bat osatu du, eta bide batez, bere bizitzako "etapa zoragarri" hura partekatu zuten pertsona guztiak omendu nahi ditu. Artistaren obretan ikusi daitezke kolore biziak, trazu askeak eta mugimendudunak eta estilo eta tekniken nahasketa. Gainera, katalogoan ere hainbat materialekin egindako collage eta akuarela txikiak daude; baita formatu handiko obrak ere.
Erakusketaren ordutegiak
Egubakoitzean zabalduko ditu ateak Denim inspirazioa erakusketak eta maiatzaren 4ra arte egongo da ikusgai ondorengo ordutegian: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etik 20:30era; zapatutan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta domeka eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.