Asiar jatorria du liztor beltzak eta hemengo ekosisteman "kalte larriak" eragiten dituela gogorarazi dute Bergarako Udal ordezkariek, "bereziki erle, intsektu eta eltxoen populazioetan".
Tranpak jartzeko orduan, aurreko urteetan habia gehien agertu diren kokalekuak hartu dituzte kontuan, "neurriak ahalik eta eraginkorrenak" izan daitezen. Tranpak zuhaitzetan kokatuko dituzte, eta astero egingo diete jarraipena. "Erabilitako erakargarriek liztorrak erakartzen dituzte, baina ez dituzte erleak arriskuan jartzen", azaldu dute.
Bergarako Udalak hainbat urte daramatza liztor beltzaren aurka lanean. Iaz, esaterako, 66 habia harrapatu zituzten udaltzainek, Gipuzkoako erlezainen elkartearekin elkarlanean.
Udaletik gogorarazi dute udaltzainek dutela espezie horri jarraipena egiteko ardura: "Horregatik, herritarrek habia bat antzematen badute, 092 telefono zenbakira deitzea gomendatzen da".