Ekainaren 5ean DesokupaCYL enpresak Soraluzen egindako "etxe-kaleratze baten aurkako ondoriozko errepresioari aurre egiteko" kontzertua da bihar Bergarako gaztetxean egingo dutena. "Etxearen kanpoan hainbat lagun elkartu ziren eta DesokupaCYL enpresakoek alde egin behar izan zuten. Gertakari horien harira, Soraluzeko pertsona bati zitazio judiziala heldu zitzaion, atentatu eta desobedientzia larri akusaziopean. Bi aldeek deklaratu eta frogak aurkeztu ostean, epaileak bide judiziala bertan behera uztea erabaki zuen. Orain, ikusteko dago mordaza legea aplikatuko zaion edo ez, eta, horrela izanez gero, multa bat ordaindu beharko da. Jai horretan ateratako dirua, bada, abokatuaren gastuei aurre egiteko izango da", diote antolatzaileek.
22:00etan hasiko da kontzertua eta sarrerak leihatilan erosi ahalko dira, zortzi eurotan.
Askotariko musika estiloak
"Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko helburuarekin" antolatu duten biharko jaiaren egitaraua Eibarko Maite Arrotajauregi Mursego musikariak zabalduko du, eta, ondoren, Donostiako Nakar taldeak hartuko du lekukoa. Jone Laspiur aktoreak gidatzen duen laukoteak post-punk elektroniko doinuetan oinarritutako emanaldi indartsua egingo du, eta, segidan, eskarmentu handiko Bergarako DJ Balzak borobilduko du gaua.