LAB sindikatuan diharduzu lanean; nolatan?
Lagun baten bitartez heldu zitzaidan aukera, eta, egia esan, ez nuen neure burua hor ikusten. Filosofiako gradua ikasten nuenean asko irakurtzen nuen, eta ez nuen sofako iraultzaile bihurtu nahi. Lan honekin, iraultzaile hitza handi samar gelditzen den arren, sofatik altxatzea lortu dudala esango nuke.
Filosofia ez da izaten askoren ikasgai gustukoena.
Filosofiak bi muturrak ditu: edo maite duzu, edo gorrotatu egiten duzu. Uste dut badagoela jendea gustura dagoena oinak lurrarekin etengabeko kontaktuan dituenean, baina beste batzuk gustura egoten gara konturatzen garenean harea mugikorretan gaudela: guztia zalantzan jartzen eta erantzunak bilatzen.
Filosofiako zer esparrutan gustatuko litzaizuke lan egitea?
Unibertsitate garaian esan ziguten gradua amaitutakoan ez ginela izango filosofoak, ez Filosofian graduatuak; irakurle onak baizik. Hortaz, nahiko nuke literatura filosofikoarekin lotutako zerbaitetan ibili.
Bergarako bandan ere badiharduzu; baduzu kontzertua jotzeko tokiren bat begiz jota?
Edozein tokitan gustatzen zait, baina, ahal bada, berogailua edo aire girotua duen batean; kar-kar. Bat aukeratzekotan, ondo egongo litzateke Bergarako San Martzialgo ermitan jotzea.
Etorkizuna zer esparrutan irudikatzen duzu?
Irakurtzea eta idaztea dira nire zaletasunak, eta gustatuko litzaidake hortik bideratzea. Halere, ez dakit bihar non egongo naizen. Egia da Filosofiako irakasle edo ikerlaria izan ezean oso ate gutxi ireki daitezkeela. Gaur-gaurkoz, oso literatura gutxi irakurtzen dut, baina nire egunerokotasuneko kaosean badago nahikoa literatura eta filosofia, eta baditut hainbat ideia, egunen batean horien bueltan idazteko.
Kultur etxean denbora asko igarotakoa izango zara; ikasten ala liburuak aukeratzen?
Zalantzarik gabe, liburuak aukeratzen igaro dut denbora gehien. Orain, nire aitaren liburutegia ordenatzen nabil, eta espero dut liburuzain praktikaldia baliozkotzea; kar-kar.
Idaztea eta irakurtzea bai, baina baduzu ezkutuko zaletasun bat.
Baditut hainbat ezkutuko zaletasun, eta horietako bat da ona naizela jendea imitatzen, edo gustatzen zait, behintzat. Halere, ezin dut esan zein den imitatzea gustatzen zaidan pertsona hori; ez da publiko egin beharreko zerbait; kar-kar
MOTZEAN
Ikasgai gorrotatuena? Matematika.
Janari gustukoena? Arrautza frijitua.
Kafea ala tea? Kafea esnearekin.
Abesti bat? Bandako Pobres y alegres.
Liburu bat? Valerie Solanasen Manifiesto Scum.
Bergarako toki bat? San Martzial.