Azken trakaren zain, "ederto" joan da Apirilean Musika

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko api. 11a, 09:33

Ikasle helduek kontzertu berezia eman dute asteon, erretiratu-etxean. Argazkia: BME.

Gaur eta bihar izango dira Bergarako Musika eta Dantza Eskolaren Apirilean Musika zikloko azken ekintzak. Asteon izan dituzte ekitaldi gehienak, eta, eguraldia lagun, herriko hainbat txoko girotu dituzte: "Eguraldiak lagundu du kalea musikaz hartzen".

Gaur, apirilak 11, izango da Bergarako Musika eta Dantza Eskolaren Apirilean Musika zikloaren barruko azken kontzertua; kantu ikasleen emanaldia izango da, Seminarixoan (18:30); eta Munibe plazan, berriz, trikiti eta perkusio kontzertua (19:30) antolatu dute. Egitaraua bihar borobilduko dute, Erramu-zapatuko festara batuta, trikitilariekin, dantzariekin eta fanfarrearekin.

Pozik aurtengo edizioarekin

Apirilean Musika zikloari azken traka falta bazaio ere, antolatzaileak pozik daude 21. edizioak eman duenarekin. Ikasturte osoko lana kaleratu eta herritarrak zuzeneko musikaz gozaraztea du helburu ekimenak, eta, diotenez, aurten ere lortu dute. "Ahalegin berezia egin dugu ahalik eta talde handienek herriko zenbait espazio musikaz girotu zezaten, eta emanaldiek harrera ona izan dute. Eguraldiak lagundu egin du kalea musikaz hartzen, gainera", adierazi du eskolako zuzendari Aritz Alustizak.

Erramu zapatuan borobilduko dute Apirilean Musika, trikitilari, dantzari eta fanfarrearekin

Ekimenaren klasikoetako bat da, adibidez, herriko ikasleei zuzendutako ipuin musikatua. Aurten, Potto igela obra sortu dute, eta martitzenean 400 bat ikasle pasatu ziren musika eskolatik ipuin musikatuaz gozatzeko, goiz zein arratsaldez.

Irala kalea, kartzela zaharra...

Apirilean Musika barruan ohikoak diren ekintzez harago, baina, eskolan egiten duten lana eskolako ikasleendako horren ohikoak ez diren espazioetara eroateko egin duten ahalegina azpimarratu du Alustizak. Atzo, esaterako, Irala kalea eta kartzela zaharra hartu zituzten; big band eta metal taldeak izan ziren pintxo potea girotzen, eta 19:00etan rock kontzertuak izan ziren protagonista kartzela zaharrean: "Eskolan, bateria, baxu eta gitarra ikasleek ere baditugu, eta rock kontzertua ematera animatu dira, Zumarragako talde batekin batera".

Hari-instrumentuen ikasleen kontzertua, plazan, astelehenean. Argazkia: BME.

Kalea agertoki bihurtu dute, aurten bereziki

Apirilean Musika zikloak hasieratik izan du ikasturtean zehar egindako lana herritarrekin partekatzeko bokazioa baina aurten bereziki ezohikoak diren guneak ere baliatu dituzte, ia edozein txoko agertoki bihurtuz. Sokazko instrumentuen ikasleak San Martin plazan –argazkian–, ikasle helduak San Joxepen, Irala kalea, kartzela zaharra, Antzuolako eguneko zentroa... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak