Porru, aza, azenario, kuiatxo eta barrengorriekin lan egin zuten: garbitu, moztu, frijitu... Oliba olio birjina extra eta gatza ere izan zituzten eskura, noski; eta arroza aurrez egosita eman zieten. Horiek guztiak banatu zizkieten hiru taldeei eta euretako bakoitzak bere ukitu propioa emateko beste osagai batzuen artean ere egin ahal izan zuen aukera: limoia, hirugiharra, soja...
Ordubete izan zuten egin beharrekoak egiteko eta, behin denbora agortuta, laukote bakoitza epaimahaiaren aurrera joan zen, egindako lana aurkeztu, azalpenak eman eta epaimahaikideen balorazioa entzutera. Marisa Karasatorre, Anne Otegi eta Andoni Etxezarreta aritu ziren azken zeregin horretan, baita gaztetxoak kozinatzen zebiltzan bitartean aholkuak ematen ere.
24 lagunek parte hartu dute lehiaketan
Joan zen asteko egubakoitzean jokatu zuten lehiaketako kanporaketa; zortzi talde –24 lagun; neskak, guztiak– aritu ziren. Lehen aldi hartako urduritasunak atzean utzita, finalera iritsitako taldeak soseguz aritu dira oraingoan.
Lagunak, gurasoak eta anai-arrebak ere inguruan izan dituzte, eta balorazioa positiboa da guztien partetik.
Lehiaketan parte hartutako gazteetako bat, gainera, Anne Otegiren bidelagun ariko da Elikaenea eta Goiena elkarrekin grabatzen ari diren Ezkaratzean sukaldaritza saioetako batean; hainbat agertu dira boluntario.