Agorrosingo barruko igerilekua "bi edo hiru aste barru" erabilgarri izatea espero du Bergarako Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko api. 1a, 15:20

Agorrosin kiroldegiko teilatua haizeak altxatuta, martxoaren 21ean.

Martxoaren 20an eta 21eko haizete bortitzek Bergarako Agorrosin kiroldegiko teilatua kaltetu ostean, inpermeabilizatzeko-lanak egingo dira behin-behinean, instalazioa "lehenbailehen" berriz martxan jartzeko helburuarekin. Neurri hori ekonomikoki eta teknikoki bideragarria dela baieztatu du Udalak, eta lanek bi edo hiru asteko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Ondoren, igerilekua normaltasunez irekitzea espero da.

Martxoaren 20an eta 21ean izandako haizete bortitzek kalte handiak eragin zituzten Agorrosin kirol guneko igerileku estalian. Ondorioz, martxoaren 22an, segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ostean, espazio gehienak berriz ireki zituzten arren, estalitako igerileku handia eta txikia itxita mantentzen dira.

Udalak adierazi duenez, estalkiaren egoera aztertuta, ondorioztatu dute behin betiko konponketak denbora luzez luzatuko liratekeela. Horren aurrean, inpermeabilizatzeko-lanak egingo dira behin-behinean, instalazioa lehenbailehen berriz martxan jartzeko helburuarekin. Neurri hori ekonomikoki eta teknikoki bideragarria dela baieztatu dute, eta lanek bi edo hiru asteko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Ondoren, igerilekua normaltasunez irekitzea espero da.

Behin betiko konponketa lanak, udazkenean lizitaziora

Bestalde, Bergarako Udalak lan talde bat sortuko du igerilekuaren estalkiaren behin betiko soluzioa lantzeko. Asmoa da udazkenean konponketa lanak lizitaziora ateratzea.

Halaber, ezohiko egoera honek abonatuei ere eragingo die. Normalean abonua bertan behera uzteko azken eguna hilaren 25a izaten bada ere, oraingoan epea luzatzea erabaki du Udalak. Hala, erabiltzaileek aukera izango dute baja eskatzeko apirilaren 6a arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak