Binakako txapela jantzi du Beñat Rezustak Iruñean (22-20)

Josu Bilbao Atxutegi 2025ko mar. 30a, 19:51

Rezusta eta Ezkurdia txapeldunak. Argazkia: Aspe Pelota

Bergarako pilotariak bere hirugarren txapela jantzi du gaur, Iruñean, Joseba Ezkurdiarekin batera partida oso borrokatua jokatu ostean. Gorriek 22-20 gainditu dituzte Artola eta Mariezkurrena.

Bere ibilbideko Binakako Txapelketako hirugarren txapela lortu du gaur Beñat Rezusta bergararrak Joseba Ezkurdiarekin batera finala irabazi ostean. Ezkurdiak eta Rezustak 22-20 irabazi dute Iruñeko Nafarroa Arenan Artola-Mariezkurrena bikotearen aurka. 2017an (Irribarriarekin) eta 2019an (Elezkanorekin) txapeldun bilakatu ostean, hirugarren txapela jantzi du gaur Bergarakoak.

Finala bikain hasi dute Ezkurdiak eta Rezustak eta markagailuan 4-0eko aldea lortu dute, erraz. Artola eta Mariezkurrena urduri aritu dira Labrit pilotalekuan, eta gorriek ederki aprobetxatu dute unea, 7-2koa lortzeko. Beñat Rezustak ederki eutsi du atzeko koadroetan, eta Ezkurdia fin ibili da aurrealdean. Hala ere, Artola eta Mariezkurrena gero eta erosoago egon dira kantxan, eta norgehiagoka orekatu egin da (8-6).

Ezkurdia-Rezusta bikotearen erantzuna azkar heldu da, baina 10-6koaren ostean, urdinen erantzuna ere etorri da markagailuan (10-8). Mariezkurrenak pare bat akats argi egin ditu eta gorriek berriro alde nabarmen handitu dute (14-8). Bergarako pilotariak ere, nekearen poderioz, akatsak egin ditu atzealdean, eta urdinak 14-12 gerturatu dira.

Partidako azken tantoetan, esperientzia ederki erabili dute Beñat Rezustak eta Joseba Ezkurdiak, eta urdinek erritmoa jaitsi dute (17-12). Iñaki Artola erasokor aritu da finaleko azken tantoetan, baina gorriek tinko eutsi dute (19-15). Jon Mariezkurrena bikain aritu da azken tantoetan bikote urdina eusten, baina Ezkurdiak ederki asmatu du aurrealdean (21-19).

21-19koarekin aldageletara joan behar izan du Ezkurdiak hanketako giharretako minarekin, baina kantxara itzuli da eta gorriek 22-20ko markagailuarekin irabazi dute Binakako Txapelketa.

Zaleen gozatua, Bergaran

Bergarako pilotalekuan zuzenean jarraitu dute Binakako Txapelketako final handia eta poz ederra hartu dute etxeko txapeldunaren garaipenarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak