Bergarako Musika Bandak kontzertu didaktikoa eskaini du Bergarako frontoian. Musika eskolarekin batera antolaturiko emanaldia izan da, eta bereziki, umeei zuzendua. Kontzertuan zehar, haurrak, musikarien alboan izan dira, musika sortzen den tokian bertan jarraitzen.
Kontzertua Alfredo Gonzalez Chirlaqueren Aizepe elkartearen "martxa alaiarekin" hasi dute. Gainera, pieza aski ezagunak jo ditu Bergarako Musika Bandak; adibidez, Toy Story 2 pelikula ospetsurako Randy Newman konposatzaileak sorturiko pieza bat, John Williamsek Harry Potter sagarendako sortutako pieza bat edota Otto M. Schwarzen Munduari bira 80 egunean –Around the world in 80 days–pieza. Gainera, musika eskolako haurrek Janus Lester artista nafarraren Dap, dap abestia dantzatu dute bandako kideek eta Musika Eskolako Gazte Bandak musika jotzen zuten bitartean. Musika eskolako ereserkiarekin eman diote amaiera kontzertuari.
Gaurko kontzertuan, mundu osoan entzun daitezkeen obrak ez dira falta izan, ezta Euskal Herrikoak ere, urtetan ohikoa izan den moduan Bergaran.
Aurkezleak, Igor Larrañagak, kontzertua aurkezterakoan gogora ekarri du Gregorio Mujikaren aipu bat, 1920koa, “Euskalerriaren alde” aldizkarian argitaratutakoa (itzulpena):
BERGARAKO BANDA salbuespen bat da, salbuespen berezi bat. Eta esan egin behar da beste banden loria eta lotsarako. Euskal musikako piezak jotzen ditu kontzertu guztietan, eta ez da aitzakia merkepean ezkutatzen errepertoriorik ez dagoela esanez.
Erraza da esatea ez dagoela musika-obra duinik Euskal Herrian, baina nobleagoa eta logikoa da obrok bilatzea eta aztertzea eta ezin hobeto jotzea, Bergarako Bandak egiten duen moduan. Horregatik, begirune eta esker adeitsua sentitzen dugu Bergarako Bandarekiko.