Saltxi papa taldea, Patata tortilla taldea eta Kokodrilo sailkatu dira Oxirondo azokan datorren egubakoitzean jokatuko den Gaztetxef lehiaketaren finalera.
Gaurkoa kanporaketa izan da. Guztira, zortzi taldetan banatuta lehiatu dira eta talde bakoitzak bina pintxo prestatu behar izan ditu –talde bakoitzak erabaki du zein pintxo aurkeztu–.
Hiru epaimahai izan dira eta gaztetxoak lanean jarri aurretik azaldu diete baloratuko dituztela prestaketa prozesua, zaporea, presentzia eta originaltasuna. Beste irizpide hauek ere kontutan izango dutela adierazi dute: garbitasuna, txukuntasuna, talde-lana eta euskaraz hitz egitea.
Partaide guztiak neskak izan dira eta urduri zeuden guztiak saio hasieran. Dena den, ilusio handiz hartu dute lehiaketa berria eta sailkatu diren hiru taldeek final handia datorren egubakoitzean izango dute.