Eskuz Binakako Txapelketako finalerako bi egun besterik ez da falta –domekan da, arratsaldeko bostetan hasita–, eta finaleko lau protagonistek dagoeneko aukeratu dute partiduan erabiliko duten materiala. Eguaztenean izan zen hori, finala jokatuko duten frontoian; Nafarroa Arenan, hain justu, eta han izan ziren Beñat Rezusta eta Joseba Ezkurdia, alde batetik, eta Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena, bestetik.
Zeresana eman duen materiala
Gauzak denon gustura egitea zaila izan ohi da, eta finalean erabiltzeko piloten aukeraketak ez ditu pilotariak asebete; ez, behintzat, Aspeko bikotea –Rezusta eta Ezkurdia–. "Ez dira pilota txarrak, baina aukera handiagoa jarri zitekeela uste dut. Frontisetik asko ateratzen ez diren pilotak, baina, aldi berean, lurrean grazia dutenak gura ditugu. Hainbatekin zalantzan egon gara, eta aukeratu ditugunekin hori bilatu dugu", adierazi du Rezustak. Ezkurdiak ere "grazia" duten piloten falta azpimarratu du, eta horrek Aspeko bikotearengan "zalantzak" sortu dituela adierazi du. Artolak, berriz, garrantzia kendu gura izan dio materialaren kontuari, eta zera adierazi du: "Ez naiz ausartzen horretaz askorik hitz egiten. Askotan ikusi da: baten bat pilotengatik kexatu, eta egunean bertan hala ez izatea. Hortaz, jokatu eta gero hitz egingo dugu". Material kontuak alde batera utzita, Rezustak onartu du txapela janzteko gakoetako bat izango dela Baikoko bikoteak pilota lasai ez jotzea: "Partidu gehienetan nagusi izan dira. Bi jotzaile dira, eta, horretan hasiz gero, nahikoa lan izango dugu".
Finalerako, pantaila
Beñat Rezustak Joseba Ezkurdiarekin batera jokatuko duen Eskuz Binakako Txapelketako finala ikusteko aukera egongo da Bergarako Udal Pilotalekuan; izan ere, pantaila erraldoia jarriko dute han. Sarrera, gainera, doakoa izango da.