Bergarako EAJk dio udal gobernuak ez duela pertsonak erdigunean ipiniko dituen zaintza eredurik

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 26a, 15:49

Bergarako EAJren udal taldeko ordezkarietako batzuk, Batzokian. Irudia: Goiena.

Jeltzaleek salatu dute Bergarako etxez etxeko zerbitzua ez dela egokitzen pertsonen egungo beharretara, eta urtebete daramatela udal gobernuari lanketa eskatzen. Aurreratu dute, beste behin ere, "kudeaketa ezaren ondorioz", pleguak bere horretan argitaratuko direla. Asteleheneko osoko bilkuran jorratuko dute etxeko laguntza zerbitzuaren kontrataziorako deialdia arautzeko baldintza administratibo eta teknikoen pleguen onarpena.

Bergarako EAJk ohar baten bidez azaldu du duela ia urtebete izan zutela EH Bildurekin lehen bilera etxez-etxeko zerbitzua pertsonen egungo beharretara egokitzeko eta "beharrezkoa balitz" zerbitzu gehiago txertatzeko asmoarekin. Hala, gaineratu dute ez dela lanketarik egon eta azken batzordean udal gobernuak jakinarazi ziela zerbitzuak "beste bi urtez bere horretan" jarraituko duela. "Etxez etxeko zerbitzuaren pleguak berriro ere agerian uzten du alkatetza taldea kudeatzeko gaitasunik ez duela eta oposizioarekin kolaboratzeko borondaterik ez duela", gaineratu du EAJko bozeramaile Mikel Letek.

Nabarmendu dute etxez etxeko zerbitzua asistentzia eta prebentzio izaera duen zerbitzua dela, eta helburua dela laguntza ematea dependentzia egoeran edo arriskuan dagoen pertsonari, bere etxebizitzan jarrai dezan eta haren bizi kalitatea hobetzeko. "Etxeko arreta eta arreta pertsonala eskainiz pertsona bere etxebizitza propioan eta bere ingurunean aritzea ahalbidetzeko arreta eskaintzea da helburua. "Geure etxean bertan kalitatezko arreta eskuratzea ahalbidetu behar duen tresna bat da" diote.

Zerbitzua berrikusteko eskaera

Datorren astelehenean, hilak 31, egingo den osoko bilkurako gai zerrendan dago jasota etxeko laguntza zerbitzuaren kontrataziorako deialdia arautzeko baldintza administratibo eta teknikoen pleguen onarpena. Zerbitzua lehiaketara atera aurretik, EAJk beharrezkoa ikusten du etxez etxeko zerbitzua berrikustea eta pertsonei egokitutako zerbitzua eskaintzea: "Pertsona erdigunean ipini eta zaintza eredu berria eskaini beharra dugu, egungo behar berrietara egokituz". Azaldu dutenez, "badira herritar batzuk gaueko laguntza puntualak behar dituztenak (oheratzeko, komunera joateko laguntza, botikak hartu behar dutenak…) edota bazkari-afari zerbitzua beharrezkoa duten herritarrak, bakardadean daudenak, besteak beste".

EAJtik nabarmendu dute Bergarako Udalari dagokiola etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta pertsonen beharrei erantzutea, baina haien esanetan, EH Bilduk "bizkarra eman die herritarrei, agerikoa da hirugarren adina ez dela lehentasuna udal gobernuarentzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak