Ainhoa Salillas: "Liga eta Kopa irabazteko nahiak ez gaitu itsutzen"

Julen Murua Mesonero 2025ko mar. 21a, 10:30

Aurreko asteburuan Majadahonda taldeari 2-3 irabazita, Iberdrola Ligako garaikurra lortu zuen Ainhoa Salillas jokalari den Txuri Urdin taldeak. Atsedenerako tarterik gabe, Jacaren aurka jokatuko duten Erreginaren Kopako finalerdietako partidua (zapatua, 16:00) du jomugan Bergarako atezainak.

Lehenengo eta behin, zorionak!

Eskerrik asko!

Gogorra izan zen finala?

Egia esan, bai. Laugarren partidua irabazi egin ziguten, Donostian, eta aldapa gora jarri zitzaigun finala. Bosgarren partidua zaila izan zen, baina irabazi egin genuen, eta harro gaude lortu dugun emaitzarekin.

Hirugarren liga jarraian; gaizki ohitu zarete?

Duela lau urte irabazi genuen lehenengoa, eta hurrengo denboraldian azkenak gelditu ginen. Ikusten da kirol honetan baliabideak ez direla oso onak, eta, norbere bizitza eta hockeya batera uztartzea zaila denez, taldeak asko aldatzen dira. Liga irabazteak duen zailtasun maila handitu egiten du horrek.

Asteburuan, Kopa; ospakizunerako tarterik ere ez duzue izan.

Final luzea izan da, eta atseden hartzeko denborarik ere ez dugu izan. Egia da horrek dinamika ez galtzen lagun diezagukeela, baina nekatuta gaude, bai fisikoki, baita mentalki ere.

2022ko lorpena errepikatzeak [Liga eta Kopa irabazi zituzten] itsutu egiten zaituzte?

Ez dut uste. Kopan baja batzuk izango ditugu; izan ere, argentinarrek beste txapelketa bat jokatu behar dute eta Maria Sierra atezaina ere ezingo da etorri. Hutsune horiek igarriko ditugu, baina, behin Liga irabazita, erronka bat gainditu dugu. Hala ere, arreta ez dugu emaitzetan jartzen; entrenamenduetan lantzen duguna partiduetan erakutsi nahi dugu. Emaitzek laguntzen badute, ondo, baina itsutu gabe.

Jacako taldea izango duzue aurrean finalerdietan.

Sorpresa polita izan da, eta horrek erakusten du Ligako maila igotzen ari dela. Erronka polita izango da, ez genuen-eta espero talde horren aurka jokatzea, eta aberasgarria izango dela uste dugu.

Finalera igaroz gero, aurkaria Majadahonda edo Puigcerda izango da.

Bi talde gogor dira, eta erronka polita dute aurretik. Uste dut finalerdi polita izango dela ikusteko, eta bakoitzak bere indarguneak ditu: Majadahonda oso talde osoa da; oso orekatua, nolabait esanda. Puigcerdak, berriz, oso atezain ona eta aurrealdean arriskua sortzen duten jokalariak ditu. Partida estua izango da.

Zeinen aurka jokatzea gustatuko litzaizuke?

Puigcerdaren aurka gehiagotan jokatu dut, eta, hortaz, seguruago sentitzen naiz euren aurka jokatzean. Bestalde, Majadahondarekin ere badaukat lehia antzeko bat, eta euren aurka jokatzeak ere ilusioa egingo lidake. Ez nuke jakingo aukeratzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak