Martxoaren 27an jasoko du Amaia Zubiria abeslariak 2025eko Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria, eta orduan emango diote abeslariari Nagore Amenabarro artistaren (Amezketa, 1986) Txorien kantuek bete dute paisaia motorra itzaltzerakoan obra.
"Sorpresaz" baina, aldi berean, "pozik" hartu zuen berria amezketarrak; izan ere, 2022ko deialdian ere eman zuen izena, baina ez zen hautatua izan. "Ez nuen hori buruan, baina idatzi zidatenean oso-oso pozik hartu nuen albistea. Gainera, sarirako koadroa margotu dut. Denbora eta aukera neukan, eta horretarako egin nuen pieza bat espresuki", adierazi du Amenabarrok. Duela hilabete inguru, "gehienez ere bi hilabete", jakin zuen Amaia Zubiria izango zela saritua, eta koadroa tarte horretan egin duela adierazi du, zatika.
Txorien kantuek bete dute paisaia motorra itzaltzerakoan akrilikoarekin eta koloretako arkatzekin mihisean eginiko 92x73 zentimetroko koadroa da Zubiriari sari bezala emango diotena. Horrek "ilusio handia" egiten dio artistari, baina kezka puntu bat ere badu. "Beti geratzen den sentsazioa ere badaukat; ea gustatuko ote zaion. Espero dut baietz. Ni neu hunkituta nago eta pozgarria den sari bat da. Gainera, formula asko gustatu zait. Polita da artista bati obra bat erosi eta opari bezala eskaintzea; denendako da onuragarria. Keinu polita iruditzen zait", dio lanaren egileak.
Epaimahaiaren balorazioa
Sari "sinbolikoa" da Monzon-Ganuza, Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak, sariketaren antolatzaileek, adierazi dutenez. Orain arte, artelanak banatu dituzte, eta "belaunaldi arteko lotura egitea du" horrek helburuetako bat, "artista gazteen lana sustatzearekin batera".
Lanak aurkezteko deialdi irekia egin zen, eta, Xabier Agirrek –EHUko irakasle jubilatua eta Bearteko lehendakaria–, Jesus Mari Lazkanok – margolaria– eta Mikel Lertxundik –arte-historialaria eta komisarioa– osatutako epaimahaiaren arabera, "oso sentsibilitate bereziko artista" da Amenabarro, 2013az geroztik "haren ibilbide artistikoa etengabea" dela iritzita: "Teknika askotarikoetarako abileziatik abiatuta –hasierako marrazki lausotu eta lirismoz jositako pinturak–, hiru dimentsioko pieza harrigarriekin topo egiten dute. Batzuetan, urregintzarako bokazioa ere igartzen diogu hain delikatuak diren pieza horiek asmatzen dituenean: zintzilikarioetatik hasi eta belarritakoetara, eskumuturrekoak, eraztunak eta hibridajeagatik zehaztugabe geratzen diren beste batzuk". Balorazioan erantsi dutenez, "ustekabeko topaldi asko daude" artistaren prozesuetan: "Amaiera zoriontsua duten antagonikoen arteko dantzak", besteak beste.
Gainera, epaimahaikideek gehitu dute hainbat teknologia menderatzen dituela eta "proiektu eklektikoetan" sartzen dela, "beldurrik gabe; proposamen piktorikoek aurrez aurre dauden hiru dimentsioko piezekin elkarbidean jartzen ditu. Haren instalazioetako elkarrizketa multisentsorialak dira, eta espazio berean pintura eta objektu harrigarriak bizikidetzan agertzen dira oso modu naturalean".
Artistaren ibilbidea
Arte Ederretako ikasketak egin zituen Amenabarrok Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Moda Diseinuko graduondoa eta Pintura masterra ondoren. Egun, irakasle lanetan dihardu Ipar Euskal Herriko Goi Mailako Arte Eskolan, eta artista-lanarekin uztartzen du.
Elkarrizketa Zubiriari
Amaia Zubiriari egindako elkarrizketa irakurri daiteke gaur kaleratu den Puntua-ren 448. zenbakiko 18. orritik aurrera.
Txorien txioak, koadroan islatuta
Txorien kantuek bete dute paisaia motorra itzaltzerakoan artelana akrilikoa eta koloretako arkatzak mihisean erabiliz ondutako artelana da. Sortu aurretik, Amenabarrok bazekien norendako izango zen. "Gaiari buelta batzuk eman nizkion, baina ez da obra tematiko bat. Ez dauka lotura zuzenik musikarekin edo kantuekin, baina eduki nituen presente tonu ezberdinak eta melodiak", azaldu du.
Obra osatzeko, irudi zatiak hartu eta collagea egin du: "Konposizio bat osatu, eta hortik abiatuta egin nuen koadroa. Zati ezberdinak margotu eta txoriak ere agertzen dira".
Eleberriko esaldi batetik hartutako izenburua
Egileak nahi zuen izenburuak lotura izatea kantuekin edo Amaia Zubiriarekin, eta "erdi-kasualitatez" aurkitu zuen esaldia eleberri batean. Aitortu du esaldia testuingurutik aterata "arraro" geratu daitekeela, baina gustatzen zaio: "Gustatzen zitzaidan zer lortzen duen, eta nolabaiteko keinua egiten zion kantuari. Irudian ere agertzen dira zati batzuk, eta elkarren artean paisaia bete dute. Berde asko dago, nahiz eta begietara paisaia bat ez eman. Hori guztia bildu zitzaidan. Erdi- kasualitatez aurkitu nuen esaldia eta asko gustatu zitzaidan. Artelanean agertzen diren ezaugarri asko biltzen ditu, edo, behintzat, niri gustatzen zitzaizkidanak".
Sortu duena Amenabarrori gustatu zaio, baina gustatuko ote zaio Amaia Zubiriari? Ardura hori du artistak: "Espero dut gustatzea; ni neu oso hunkituta nago".