Eskuz Binakako finalerako sailkatu eta biharamunean, Beñat Rezustak (Bergara, 1993) komunikabideekin berba egiteko tartea hartu du, Arbizun (Nafarroa). Medioekin konpromisoa beteta, hilaren 30eko finala buru-belarri prestatu nahi du.
Kazetariz inguratutako bazkalostea, akaso, ez da erosoena.
Tira, finalerako sailkatu zarelako bada, gaitz erdi.
Txapelketa osoa eginda iritsi zarete Ezkurdia eta biok finalera.
Ez da erraza halako txapelketa luze baten ostean amaierara sasoi onean iristea, eta hori lortu dugula uste dut. Orain, finalaz gozatzea geratzen zaigu; halako egunak ez dira asko izaten, eta lagunez eta etxekoez inguratuta egun eder batekin gozatzen badugu, ederto. Gero, finala irabaztea lortzen badugu, hobeto.
Diozu gutxitan bizi ahal izaten den egun bat dela finalekoa; Eskuz Binakakoan bost aldiz bizi ahal izan duzu.
Bai, baina 2019tik daramat finalik jokatu barik. Sasoi batean, jarraikortasun handiarekin sailkatu izan nintzen finaletarako; akaso, hura ere ez zen oso normala. Eta, ondoren, urteren baten gertu egon naiz. Baina, hala ere, zortea ere behar da.
Joseba Ezkurdiak ere behar zuen halako txapelketa bat...
Bi lagunek osatu dugu bikotea, aspaldian frontoietan elkarrekin asko ibili garen bi lagun. Azken batean, Joseba bera final asko jokatutakoa da, hiru modalitatetan, gainera, eta, hain zuzen, maila handia erakutsi duelako exijentzia maila ere halakoxea dauka. Txapelketa aurretik ere komentatzen genuen elkarrekin inoiz jokatu gabe geundela Binakakoan, eta begira, finalera iritsi gara; pozik gaude.
"GURE ERRITMOA INPOSATU ETA FRONTOIAN MUGIARAZI EGIN BEHARKO DITUGU"
Non egon da halako txapelketa ona egin izanaren gakoa?
Batetik, erregularrak izan garela, eta hori ez da erraza horrenbeste aste irauten duen txapelketa batean; izan ere, azken batean, normala izaten da jokoari dagokionez gorabeherak izatea. Eta, bestetik, partidu hasierak erritmo handikoak egin izanak mesede egin digu, kontrarioa estutzea lortu dugu orduan. Egia esan, Josebaren jokatzeko moduarekin ondo konektatu dut.
Bergaran pilota eta txirrindularitza erreferenteak izan dira kirolean; hilaren 30ean zuen finalak Gorlako 50. urteurrenarekin egingo du bat.
Aitortuko dizut zuk esan arte ez neukala gogoan Gorlako Igoera ere egun horretan jokatuko dutenik. Erreferentziazko lasterketa bilakatu da, 50 urte asko dira... Eta baditut ziklista izan diren lagunak bertan parte hartu dutenak. Egun horretan bat baino gehiago izango da bi hitzorduak jarraitzen, inguruan ziklismozale asko dut eta.
Navarra Arenan jokatuko duzue finala... Zer nolako frontoia da? Ondo datorkizue?
Ez dugu askorik jokatu han, urtean zehar ere ez dugu han jokatzen, baina pilotaleku ona da; alde horretatik, ez dugu ai-tzakiarik. Uste dut Artolaren eta Mariezkurrenaren ezaugarrietara hobeto egokitzen den pilotalekua dela, eurak oso jotzaileak direlako, baina gu ere han erritmoz jokatzeko kapaz garela uste dut. Zentzu horretan ez dugu aitzakiarik.
Ez dago final errazik, baina bikote gogorra izango duzue aurrean.
Zalantza barik. Duela bi aste jokatu genuen Artolaren eta Mariezkurrenaren kontra, eta orduan guk irabazi bagenuen ere partidu oso gogorra izan zen; bereziki, zein erritmotan jokatu genuen kontuan hartzen badugu. Finala irabazi nahi badugu, berdin jokatu beharko dugu, opari gutxi egin, bi pilotarien arteko tarteak bilatu, eurak mugitzera behartu... Izan ere, pilotara eroso iristen badira, jotzen uzten badiegu, ez dugu zer eginik.