Sari "sinbolikoa" da Monzon-Ganuza, Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak, sariketaren antolatzaileek, adierazi dutenez. Orain arte, artelanak banatu dituzte saritzat, eta "belaunaldi arteko lotura egitea du" horrek helburuetako bat, "artista gazteen lana sustatzearekin batera". Hala, Nagore Amenabarro artistaren Txorien kantuak bete duen paisaia artelana jasoko du aurten Amaia Zubiria musikariak, akrilikoa eta koloretako arkatzak mihisean erabiliz ondutakoa.
Epaimahaiaren arabera, "oso sentsibilitate bereziko artista" da Amenabarro, 2013az geroztik "bere ibilbide artistikoa etengabea" dela iritzita: "Teknika ezberdinetarako abileziatik abiatuta, hasierako marrazki lausotu eta lirismoz jositako pinturak, hiru dimentsioko pieza harrigarriekin topo egiten dute. Batzuetan, urregintzarako bokazioa ere igartzen diogu, hain delikatuak diren pieza horiek asmatzen dituenean, zintzilikarioetatik hasi eta belarritakoetara, eskumuturrekoak, eraztunak eta hibridajeagatik zehaztugabe geratzen diren beste batzuk". Erantsi dutenez, "ustekabeko topaldi asko daude" artistaren prozesuetan, "amaiera zoriontsua duten antagonikoen arteko dantzak".
Artistaren ibilbidea
Arte Ederretako ikasketak egin zituen Amenabarrok (Amezketa, 1986) Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Moda Diseinuko graduondoa eta Pintura masterra, ondoren. Egun, irakasle lanetan dihardu Ipar Euskal Herriko Goi Mailako Arte Eskolan, eta artista lanarekin uztartzen du. "Pintura erabiltzen du bere ikerketa plastikoaren abiapuntutzat, eskultura eta diseinuarekin zerikusia duten lengoaia eta baliabideekin gurutzatuz", zehaztu dute antolatzaileek.