Bosgarrenez binakako finalera

Xabier Urtzelai 2025ko mar. 17a, 08:39

Ezkurdiarekin batera Lasori eta Iztuetari 22-19 irabazita, Beñat Rezustak bosgarren aldiz eskuratu du Eskuz Binakako Txapelketako finalerako txartela. Helburua lortzeko nahikoa zuten 16 tanto egitearekin, baina partidua irabazi zuten, bergararraren partidu borobilarekin.

Eskuz Binakako Txapelketa oso ona egiten dabiltza Ezkurdia eta Rezusta. Bergararraren kasuan udan maila oso onean jardun ostean neguan jarraipena eman dio bolada onari, eta txapelketan zehar, bai lehenengo fasean eta baita final-erdietako ligaxkan ere oso ondo jokatu du. Hala, Ezkurdiarekin batera bikote sendo eta fidagarria osatuta –hamahiru partidu irabazi dituzte guztira, eta hamasei jokatu dituzte– martxoaren 30ean Iruñean (Navarra Arena, 17:00) jokatuko duten finalerako sailkatu dira.

Atzoko partiduan lan ia erdiak eginak zituzten. Ez zuten partidurik irabazterik behar, nahikoa zuten Lasori eta Iztuetari 16 tanto egitea, baina 22ra iritsi ziren (22-19). "Indartsu hasi gara eta Ezkurdiak min egin die bolea eta gantxo luzeekin", adierazi zuen bergararrak partidu amaieran. Bosgarren aldiz izango da Rezusta Eskuz Binakakoaren finalean, baina egia da urteak daramatzala bertara sailkatu barik, 2019tik, hain zuzen. Orduan, Elezkanorekin bikotea osatuta, ezusteko ona eman zuten finala irabazita, Jose Javier Zabaleta eta Iker Irribarria ziren eta faboritoak (22-19). Ikusteko dago hilaren 30an nork jantziko duen txapela, Ezkurdiak eta Rezustak ala Artolak eta Mariezkurrenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak