Erraza zirudiena zaildu egin den arren, Bergara nagusi Urolaren aurka (5-3)

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 15a, 18:51

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, bi goleko aldearekin irabazi dio Bergarak Urolari. 4-0 aurreratu da etxeko taldea, baina hiru gol jarraian egin dituzte zumarragarrek, partidua estutuz. Azkenean, lasaitasunaren gola egin dute bergararrek, partidua irabaziz (5-3).

Lehen zatian, nagusi izan dira bergararrak. Baloiaren jabe izateaz gain, aukera garbienak ere etxeko taldearentzat izan dira eta horren erakusle izan da markagailua. Izan ere, atsedenaldira hiru goleko aldearekin joan dira (3-0). Bigarren zatian, aldea handitu dute etxekoek eta bazirudien jipoia etorriko zela. Kontrara, Urolak erreakzionatu egin du eta, hiru gol ikusgarrirekin, markagailua estutu du (4-3). Azkenean, ordea, beste gol bat egitea lortu dute bergararrek eta hiru puntuak etxean geratu dira azkenean.

Sara Balenziagak, bergararren kapitainak, honako balorazioa egin du: "Lehen zatian askoz hobeto ibili gara, baina bigarren zatian asko murriztu digute aldea. Edozelan ere, ez dugu amore eman. Ikusi da taldea gogotsu dagoela, dinamika on batean, eta bost gol egin ditugu gaur". Horietako bi gol, gainera, kapitainak berak egin ditu.

Balenziagak aitortu du etxean irabaztea beti dela polita, "nahiz eta azkenaldian gauzak ondo egiten ari garen, etxean zein etxetik kanpo". Era berean, dio, Urolak inoiz ez dituela gauzak erraz jartzen. "Beti izan da aurkari on bat, gustura hartzen duguna, eta gaur ere ez dira gaizki ibili, ikusi den moduan".

Garaipen onekin, sailkapeneko goiko postuetan kokatu da Bergara. "Beti saiatuko gara gora begiratzen, hori izango da gure helburuetako bat; hori bai, ez dugu ahaztu behar nondik gatozen. Aurten igo gara mailaz eta pixkanaka joan behar gara, baina helburua beti goian jarrita", azpimarratu du kapitainak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak