Danobatgroup-ek 344 milioi euro fakturatu ditu 2024an, Nerea Aranguren zuzendari nagusiak adierazi duenez: "Danobatgroup euskal talde industrialak, makina-erremintan liderrak, fakturazio marka hautsi du berriro, tentsio geopolitiko gero eta handiagoak, merkatuaren ziurgabetasunak eta ekonomia globalaren dezelerazioak markatutako sektorean bere lidergoa sendotuta". Azpimarratu duenez, "termino ekonomikoetan, urte historikoa" izan da, iaz baino %2 gehiago fakturatuta.
Esportazioak izan ditu, batetik, aipagai, eta jakinarazi du Alemanian (esportazio guztien %8,5) eta Frantzian (%5,8) beherakada izan dutela presentzian; badirudi ez dela horrela izan, ordea, Ameriketako Estatu Batuetan (%15,4), Frantzian (%5) eta Italian (%7,9). Are, erantsi du sektore aeroespazialak (%29,9) igoera "nabarmena" izan duela, "ekipo ondasunen eta ingeniaritza orokorrarena (%35,2)" izan arren oraindik ere "nagusiena".
Pertsonei dagokienez, bestetik, 1.459 langile zituen 2024aren amaieran Danobatgroup-ek, eta horietatik gehienak –zehazki, 1.032– Euskal Autonomia Erkidegoan: Itziarren, Elgoibarren eta Bergaran dituen lantegietan.
80 milioi euroko inbertsioa
Inbertsioen berri ere eman du Arangurenek, 80 milioi eurokoa izan dela zehaztuta. "Horrekin taldeko hiru enpresei –Danobat, Soraluce eta Goimekei– azpiegiturak eta gaitasunak hobetzen lagundu zaie. Egin ditugun inbertsio estrategiko horiei esker, orain posizio ezin hobean eta prest gaude ziklo berriak, egoera geopolitikoengatik are ziurgabeagoak, planteatuko dizkigun erronkei aurre egiteko, eta inbertsio handi gehiago egin beharrik gabe".
Plan estrategikoa
Plan estrategiko berriari ekin dio Danobatgroup-ek, eta 2025erako "aurreikuspen ekonomikoak onak" izango direla iragarri du, "ahalmen eta azpiegitura berriak baititugu". Hala, lau ardatz nagusitan –berrikuntza teknologikoa, zerbitizazioa, dibertsifikazioa eta nazioartekotzea– oinarrituko dira aurten, "adimen artifiziala, jasangarritasuna eta talentua zehar lerro gisa hartuta".