Kategoriaz igo berri den taldea da Bergara, Gorengo Mailatik Ohorezko Erregionalera, eta bergararrak denboraldi borobila egiten dabiltza, liga amaitzeko geratzen diren bederatzi jardunaldietan mailaz igotzeko lehian sartu dira eta. Taldea laugarren dago sailkapenean (42 puntu), eta, konfirmatuta ez bada ere, seguruenik lehenengo bi sailkatuak igoko dira mailaz.
Hala, lider dagoen Antiguokok (47) zigor ederra jaso zuen asteburuan Agorrosinen, Lander Ugarteren neskek lau gol egin zizkioten eta (4-0). "Partidu osoa egin genuen, defentsan serio ibili ginen eta ez genuen askorik sufritu, gure atea hutsean mantendu genuen eta hori Antiguokoren kontra ez da erraza. Partidu ona egin genuen eta erakutsi dugu %100 gaudenean maila honetako edonori irabazteko kapaz garela. Liga hasi genuenean ikusten genuen bazeudela gu baino koska bat gorago zeuden taldeak, baina taldeak aurrerapausoa eman du eta partidu guztietan lehiakor izan gaitezkeela sinetsita gaude".
Iazko talde ia bera
Ugartek nabarmendu du duela bi urte kategoria galdu izanak on egin diela: "Aldaketak egin ahal izan genituen orduan, sistemaz aldatu genuen eta Gorengo Mailan egindako urte onak konfiantza eman zigun. Aurten, berriz, klabea izan da taldea mantendu izana; izan ere, lehen, denboraldi amaiera bakoitzean 7-8 jokalarik taldea uzten zuten eta ia-ia hutsetik hasi behar genuen lanean. Aurten ez; jokalariak elkarrekin jokatzera ohituta daude, eta kanpotik etorri direnek ekarpen polita egiten dihardute. Hori guztia batuta lortu dugu gauden tokian egotea, eta, lehen esan dudan moduan, liga amaierara arte aurrean egoteko esperantza dugu".
Liga amaiera zirraragarria
Mahoneroei bederatzi jardunaldi geratzen zaizkie, eta Ugartek ez du ezkutatzen mailaz igotzeko lehian ibiltzeko moduan daudela: "Gainera, azken bi jardunaldietan, orain momentuan gure gainetik dauden Goierri Gorri eta Intxaurdi izango ditugu kontrario. Ikusteko dago bi jardunaldi horien faltan sailkapenak zer erakusten duen, bestela ere datozen asteotan kontrario gogorrak izango ditugu eta. Esaterako, oraingo asteburuan Lagun Onak-en zelaian jokatuko dugu, eta ez da partidu erraza izango. Baina, hain zuzen ere, lau garaipen segidan lortu ditugu, taldea konfiantzaz ikusten dut eta esango nuke talde guztiek lehenago edo geroago izaten duten bolada txarra Gabonen bueltan gainditu genuela. Ea maila honi eusten diogun eta liga amaierara arte goialdekoekin lehian jarraitzerik dugun".
Debagoiena Bailara, igoeran
Gorengo Mailako igoera fasea jokatzen dabil, bestalde, Debagoiena Bailara taldea. Faseko lehenengo jardunaldian, joan den asteburuan, debagoiendarrek atseden izan zuten, eta oraingo asteburuan jokatuko dute lehenengo partidua: gaur, egubakoitza, 21:00etan, Ibarran, Oriokoren kontra.
UDAk, Santurtziren bisita
Gizonezkoen Hirugarren Federazio Mailan, Aretxabaletak bolada txukunean datorren Santurtzi izango du aurrean domekan (16:30, Ibarra), eta Ohorezko Erregionalean Mondrak ere etxean jokatuko du zapatuan (16:30), kontrario zuzena den Deustoren kontra. Bergarak eta Real Unionek, berriz, kanpoan jokatuko dute zapatuan (16:30); Irunen eta Azkoitian, hurrenez urren.