Irizar jauregian egingo dute ikastaroa, martxoaren 24tik apirilaren 4ra bitartean. Bergarako Udal Euskaltegiak antolatutako ekimena euskaraz hitz egiten duten herritarrei zuzenduta dago, eta hitanoaren erabilera eta ezagutza sustatzea ditu helburu. Hamabi orduko ikastaroa izango da, eta saioak martxoaren 24an, 26an, 28an eta apirilaren 2an eta 4an izango dira, 18:30etik 20:30era. Dena den, hitanoa erakusteko eta hobetzeko interesa daukaten herritar guztiak izena ematera animatzen ditu antolakuntzak, hala, ikastaroaren ordutegia parte-hartzaileen beharren arabera moldatu daitekeelako.
Ikastaroaren prezioa 15,45 eurokoa da, eta parte hartu nahi dutenek martxoaren 20a baino lehen eman beharko dute izena, Udal Euskaltegian, 943 76 44 53 telefono-zenbakira deituta edo euskaltegia@bergara.eus helbidera idatzita. Ikastaro hori baliatuz, eragileek Euskaraldiarekin batera antolatuko den Hikaldian parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak.