Bergarako San Joxepe Jubilatuen Elkarteak gaur Aratusteetako bazkaria egin du elkarteko tabernan, eta antolatzaileek adierazi dute, zeuden plaza guztiak bete direla: "Dakizuen beazla, mugatuta daukagu mahaikide kopurua aforo arrazoiengatik eta zabaldu bezain azkar bete ziren zerrendak. Txikia gelditzen ari zaigu egoitzaren eraikina".
Alabaina, aste honetan, Whatsapp-aren bueltako ikastaroarekin hasi dira eta martxoaren 12ra arte iraungo du. Martxoaren 17tik apirilaren 2ra, berriz, bideokonferentziei buruzkoa egingo dute. Saioak astelehen eta eguaztenetan egingo dituzte, 16:30etik 18:30era bitartean.
Sagardotegira irteera
Martxoaren 19ra irteera egingo dute Aginagako sagardotegira. 10:00etan aterako dira Ibargaraiko autobus geltoki nagusitik, eta aurrez, Ordiziako azokan pasako dute goiza. Arratsaldean, berriz, Zarautzera egingo dute bisita. Adierazi dute nahitaezkoa izango dela ordainketa aurrez egitea tokia erreserbatzeko.
Musikak ere izango du lekua
Halaber, hilabete honetan, musikari lotutako hainbat ekintza egingo dituzte. Batetik, martxoaren 18an eta 25ean, musikaz gozatzeko saioak egingo dituzte Bergarako Musika Eskolarekin elkarlanean, Leire Ugarteren eskutik. 11:30etik 12:30era bitartean egingo dute ikastaroa.
Martxoaren 20an, berriz, San Joxepeko korua Ordiziara joango da eta hango Zuhaizti Jubilatuen Zentroko Umore Ona abesbatzarekin batera, bi taldeek abestuko dute San Jose Egunaren festa ospatzeko, 18:00etatik aurrera.
Azkenik, martxoaren 28an, Aitor Garitanok opera saioa eskainiko du, 18:00etan, San Joxepen. Ekintza hori ere, Bergarako Musika Eskolarekin elkarlanean antolatutako ekintza da.