Zer duzu gustukoen zure herrialdetik?
Eguzkia nagusi da Haitin, oso argitsua da. Hango kultura ere interesgarria da. Vodu haitiarra izeneko erlijioa praktikatzen dute askok, eta gauza ugari hartzen ditu barnean: lurrari lotutako gauzak, dantza tradizionalak... Gastronomia ere oso ezberdina da. Guztia arroza da: arroza babekin, okelarekin... Espezia asko erabiltzen dira han, eta gauza askoren nahasketak egiten dira: baratxuria, perrexila, baratxuri freskoa, ozpina...
Historia berezia dauka Haitik.
Hego Amerikatik gertu dago, baina kultura oso ezberdina da. Ez gara latinoamerikarrak, Karibekoak gara, afrikarren ondorengoak garelako. Esklabotza garaian, frantsesek afrikar esklaboak eraman zituzten Haitira, eta haien ondorengoak gara. Esklaboak frantsesen aurka altxatu ziren, eta gerra bat izan zen. 1802an lortu zuten independentzia. Horregatik, urtarrilaren 1ean, urtero, zopa berezi bat egiten dugu independentzia ospatzeko, soupe joumou izenekoa. Kalabaza, okela, aza, pasta... denetarik dauka.
Independentzia lortzen aitzindaria izan zen.
Bai. Esklabo beltzek independentzia lortu zuten lehen nazioa izan zen Haiti, lehenengo errepublika beltza. Gero, gainera, beste askori lagundu zion independentzia lortzen; adibidez, Venezuela, Dominikar Errepublika ere bai... Haiti Karibeko irla txikien artean aberatsena zen, eta orain pobreena da. Izan ere, independentzia lortu genuenean, Frantziak ez zuen aitortu Haiti herrialde gisa. Eta aitortza horren truke, diru asko ordaindu behar izan genion. Urte asko egon gara Frantziari dirua ematen, eta gaur egunera arte eragina izan du; pobrezia handia eragin du.
Zer hizkuntza erabiltzen da?
Gure ama-hizkuntza kreolera da, frantsesaren eta hango hizkuntzaren nahasketa bat; baita frantsesa ere.
2010ean gertatu zen lurrikararengatik agertu izan da Haiti medioetan azken urteetan.
Bai. Nik 11 urte nituen lurrikara gertatu zenean. Etxean nengoen, amarekin eta anai-arrebekin, pelikula bat ikusten. Arratsaldeko laurak ziren, eta guztia dardarka hasi zen bat-batean. Ez genekien zer gertatzen zen, nik ez nuen ezer ulertzen. Nire anaia nagusiak guztiok besarkatu gintuen, eta haren azpian jarri. Zortea izan genuen, eta gure etxea ez zen erori. Kanpora irten ginenean, ordea, guztia txikituta zegoen. Ez genekien zer gertatzen ari zen, eta jendeak oihukatzen zuen lurrikara bat zela. Gogorra izan zen, familiartekoak galdu zituztenak ikusten nituelako, negarrez, zaurituta, hankak birrinduta zituztela... Inoiz ezin izango dut ahaztu. Baina guk zorte handia izan genuen, eta familiako guztiok ondo irten ginen.
Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?
Carrefour eta Port-au-Prince artean hazi nintzen. Lau anai-arreba nituen, baina bat hil egin zen; hiru geratzen zaizkit. Bi aitaren aldekoak dira; ama ezberdina daukagu. Beste ahizpak eta nik, berriz, guraso berak dauzkagu. 6 urte nituela, nire ama gaixotu egin zen; buruko arazoak zituen. Gu oso txikiak ginen, eta ez genuen askorik ulertzen. Nire aita joan-etorrian ibiltzen zen, eta, azkenean, etxetik joan zen. Amarekin geratu ginen. Gogorrak izan ziren urte haiek. Hala ere, nire ahizpa nirekin neukan. Ni baino hiru urte nagusiagoa da, eta oso lotura estua daukagu. Beti zaintzen ninduen, eta, triste geundenean, barre eragiten ziguten gauzak egiten genituen. Gainontzekoan, nahiko haurtzaro normala zen: ikasi, jolastu...
Dominikar Errepublikara migratu zenuen gero, ezta?
Bai. 2019an, Haiti geroz eta arriskutsuagoa zen, eta ezin nuen han jarraitu. Aitak Dominikar Errepublikara bidali gintuen ahizpa eta biok, seguruago egon gintezen. Garbiketan eta bestelako lan batzuetan aritzen nintzen.
Nola erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?
Egun batean, Dominikar Errepublikako plaza bateko banku batean eserita nengoela, Euskal Herriko mutil bat etorri zitzaidan, eta hitz egiten hasi ginen. Azkenean, maiteminduta bukatu genuen. Hura oporretan zegoen han, baina Euskal Herrira bueltatu zenean ere kontaktuan jarraitu genuen. Jaiegunak zituen aldiro etortzen zitzaidan bisitan, eta horrela egon ginen, distantzia-harreman batean, bi urte eta erdiz. Azkenean, esan zidan ni hona etortzea nahi zuela. Nik ere hala nahi nuen; Haitira joan ginen eta han ezkondu ginen. Handik hilabetera, haurdun gelditu nintzen.
Nolakoa izan zen honaino etortzeko prozesua?
Etorri ahal izateko paperak egiten hasi nintzen, eta, azkenean, haurdun nengoela, zazpi hilabeteko, lortu nuen. Izan ere, zortzi hilabeteko haurdunaldiarekin ezin nuen bidaiatu, eta hango Espainiako enbaxadak tramiteak arindu zituen, lehenago etorri ahal izateko; nire gizonak umea hemen jaiotzea nahi zuen, eta hala izan zen, azkenean: Arrasateko ospitalean jaio zen. Orain, beste alaba bat izango dut.
Nolakoak izan ziren lehenengo egunak hemen?
Gogorra izan zen nire herrialdea uztea; familia han neukan, eta hemen bizitza berri bat hasi behar nuen. Dena oso ezberdina zen. Hemen gaztelania hitz egiten zen arren, ez zeukan zerikusirik Dominikar Errepublikan ikasi nuen gaztelaniarekin. Berriro hitz egiten ikasi behar izan nuen. Bi urte egin nituen Aretxabaletan, eta duela urtebete baino gutxiago etorri nintzen Bergarara.
Arazo asko eduki dituzu paperak erregularizatzeko orduan?
Ez. Gauza sinpleak dira. Orain, ikasi egin behar dut nazionalitatea lortzeko azterketa ateratzeko. Ez da oso zaila.
Nolakoa izan da Euskal Herrian eduki duzun harrera?
Oso garrantzitsua izan da nire senarraren familiak izan duen jarrera. Beso-zabalik hartu naute, familiako beste bat gehiago izango banintz bezala. Nik ere hala sentitzen dut. Munduko amaginarrebarik onena daukat, baita aitaginarreba ere. Beti daude hor niri laguntzeko.
Erraz egokitu zara?
Euskal Herria asko gustatzen zait, ondo dakite-eta nortzuk diren. Argi dute ez direla espainolak, euskaldunak direla. Gustuko dut hori. Nik ere azkenaldian esaten dut euskalduna naizela. Gustatzen zait nola pentsatzen duten, hemengo jendea oso atsegina da, eta bertako kultura ere asko gustatzen zait. Esaterako, asko gustatzen zait Huntza musika taldea, kantu guztiak dakizkit. Mikel Laboa ere gustuko dut. Euskara ikasten ari naiz. Umearekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, eta, zerbait esaten ez badakit, gaztelaniaz esaten diot. Frantsesa ere hitz egiten dut harekin. Frantsesa jakiteak aukera ematen dio nire Haitiko familiarekin hitz egiteko ere, telefonoz deitzen diotenean.
Zer igartzen duzu faltan zure herrialdetik?
Familia, batez ere. Segurtasun aldetik Haitiko egoera hobetzen denean bisitan joan nahiko nuke, gurasoak eta anai-arrebak bisitatzera, ez baitituzte oraindik nire alabak ezagutzen. Horrez gain, faltan igartzen dudana eguzkia da. Han egoten den giroa ere faltan igartzen dut, oso ezberdina da. Hemen, aste barruan isiltasuna dago. Nire herrialdean ezberdina da; giroa dago egunero, musika... Baina hemengoa ere gustuko dut; aste barruan lan egin eta gauza garrantzitsuak egiten dira, eta asteburua da gozatzeko unea. Bestalde, ohitzen ari naiz hemengo janarira, baina ez zait erraza egiten. Hala ere, hemengo gastronomia atsegin dut.
Euskaldunak, gogorrak eta ausartak
Hark izan duen esperientzia kontuan hartuta, Louissaintek dio euskaldunak "oso pertsona irekiak" direla: " Ez dakit nolako sentipena izango duten hona datozen beste pertsona batzuek; baina niretzako horrela izan da". Esan duenez, ez du arrazakeriarik bizi izan Euskal Herrira iritsi denetik: " Jendeari ez zaio ardura nortzuk garen, garen bezala onartzen gaituzte. Ez didate ezberdin begiratzen, eta hori gustuko dut. Dominikar Errepublikan, adibidez, arrazismo handiagoa igarri dut". Euskaldunak, "gogorrak eta ausartak" direla dio, eta "edozein gauza" egin dezaketela: "Nire senarrak esan zidanean euskalduna zela, ez nuen ulertzen. Baina denborarekin ulertu dut, hemengo historia jakinda. Hemen gertatu zena, diktadura eta... oso gogorra iruditzen zait. Eta miresgarria da hemen euskaraz hitz egitea debekatu zuten arren euskaldunek lortu zutela bizirik mantentzea".