Manu Diazen Garai Berriak taldeak futbol gipuzkoarra zuzentzen jarraitu nahi du

Xabier Urtzelai 2025ko ots. 26a, 08:57

Manu Diaz, artxibo irudian, Bergaran.

Lau urtez Gipuzkoako Futbol federazioko presidente moduan lanean ibili eta gero Garai Berriak taldeko buru Manu Diazek jarraitzea erabaki du, eta hautagaitza aurkeztu dute. Oraingoz talde bakarra dira, eta martxoaren 4rako beste hautagairik ez badago zuzenean izendatuko dute Diaz presidente. "Taldea ia berdina izango da, gure lurraldeko kluben presentzia zabalarekin".

Astelehenean hasi zen 2028ra arte Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea eta zuzendaritza batzordea aukeratzeko hauteskunde prozesua. Eta, 2020an nagusitu ziren Garai Berriak taldeko ordezkariek ostera ere aurkeztea erabaki dute, orain arte presidente izan den Manu Diaz buru dutela. "Hautagaitza aurkeztea da gure asmoa, federazioa beste hiru urtez zuzentzen jarraitzeko. Taldea ia berdina izango da, estamentu guztien ordezkaritzarekin eta gure lurraldeko kluben presentzia zabalarekin", adierazi dute Garai Berriak taldetik.

Egoera oso berezian hasi zen talde hau lanean, 2020an. Pandemiak bete-betean harrapatu zien eta garai haiek kudeatu behar izan zituzten. Hala, programan markatu zituzten lehentasunak bigarren mailara pasatu behar izan zituzten, bestela ere bazutelako zer kudeatu, eta ondoren etorri ziren hauteskunde kanpainan agindutako asmoak betetzeko ahaleginak. "Gogor egin dugu lan 2020aren amaieratik. Modu hurbilean eta pertsonalean kudeatzen saiatuz, lehiaketak aldatuz orekatuak eta erakargarriak izan daitezen, emakumeek jokatutako futbolarekiko sentsibilitate berezia izanez, orain arte ez zegoen futbol inklusiboko proiektu bat garatuz, Gipuzkoako selekzioak berreskuratuz, arbitroen kopurua handituz, asteburuetan erantzuteko telefonoa martxan jarriz, hainbat arlo profesionalizatuz eta gestioak sinplifikatuz".

Lau urteotako "unerik atseginenak"

Horrekin batera Garai Berrietatik federazioaren egungo egoera ekonomiko ona nabarmendu dute, euskararen aldeko konpromisoa berretsi dute –Estatuko entrenatzaile ofizialen lehen tituluak gaztelania ez den beste hizkuntza batean sartu dituzte–. Baina, batez ere, urte hauetan klubekin izan duten hartu emana nabarmendu dute. "Euren etxeetan izan gara, futbol zelaietan. Urtero ehunka partida ikusi ditugu, eta kluben ordezkarien kezkak eta kritikak zuzenean jaso ahal izan ditugu, eta horrek izugarri lagundu digu. Topaketa horietan Gipuzkoako futbolarekiko pasioa eta gure gizartearekin dugun lotura protagonista izan dira. Zalantzarik gabe, horiek izan dira lau urte hauetako unerik atseginenak".

Artxiboko irudian, Manu Diazek, Iosu Elorzak eta Jabi Ibarrak taldean jarraituko dute, eta eurekin batera Oneida Zubia arrasatearra eta Aloña Mendiko Itxaso Egaña izango dira Debagoieneko ordezkariak.

Hautagaitza osatzen duten klubetako ordezkariak

  • Manu Diaz. Presidenterako hautagaia.
  • Oneida Zubia. Mondragon CF-eko zuzendaritzako kidea.
  • Iñaki Martixa. Tolosa CF-eko zuzendaritzako kidea.
  • Asier Pavon. Añorga KE-ko zuzendaritzako kidea.
  • Ane Bergara. Real Sociedad, Athletic, Barcelona eta Espanyol-eko jokalari ohia.
  • Ainhoa Azkue. Usurbil FT-ko presidentea.
  • Jon Ander Azkue. Zarautz KE-ko presidentea.
  • Jabier Ibarra. Bergara KE-ko zuzendaritzako kidea.
  • Aritz Gomez. Hirugarren mailako epailea.
  • Asier Iriondo. Arrupe Chaminade CDDF-ko kirol zuzendaria.
  • Naiara Salinas. Hondarribia FE-ko presidentea.
  • Pedro Urdapilleta. Anaitasuna CD-ko presidentea.
  • Luis Mangas. Entrenatzailea.
  • Ana Rodríguez Fouz. Urki CD, Eibar SAD eta Eibartarrak taldeetako jokalari ohia.
  • Josu Lobato. Vasconia CD-ko zuzendaritzako kidea.
  • Mikel Azkune. Touring CD-ko zuzendaritzako kidea.
  • Iñigo Arregi. Lagun Onak CD-ko presidentea.
  • Iosu Elorza. Bergara KE-ko presidentea.
  • Jon Ojanguren. Deusto Donostia FC-ko presidentea.
  • Jose Mari Artola. Pasaiako delegatu ohia, eta FGFko zuzendaritzako kidea.
  • Itxaso Egaña. Aloña Mendiko zuzendaritzako ordezkaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak