Bergarako enpresa sarearen lankidetzatik sortu zen Harixa, eta gaur, bost enpresa gehiago batu dira lan-munduan euskara sustatzea ardatz duen ekimenera (guztira 40 baino gehiago dira): Gamak, Infordelta, Irudinet, Bergarako notariotza eta FBS informatika aholkularitza. Bergarako Udaletik adierazi dutenez, "hitzarmen honen bitartez, enpresek euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dute, lan-mundua euskarazko eremu bilakatzeko helburua partekatuz". Gainera, ekimenera batu direnek "ezaugarri berezi bat" dutela ere adierazi dute Udaletik; "herriko enpresa eta norbanakoentzako zerbitzu-emaileak" direla, eta ondorioz, "haien hizkuntza funtzionamenduan eragin" egiten dutela, hain justu.
Bergarako alkate Gorka Artolak "eskerrak" eman dizkie Harixa ekimenera batu direnei, eta hitzarmenaren garrantzia nabarmendu die: "Harixa hitzarmenaren bidez, elkarri lagunduz bidea egiten jarraituko dugu, eta zuen atxikimenduak argi uzten du Bergaran euskarak duen leku nabarmena".