Artaziak kooperatiba kontratatu du Bergarako Udalak Kulturgunearen garapenerako, eta Udalak aurreratu duenez, talde motore bat eratu eta lan egin dute kulturaren esparruan "esanguratsuak" diren pertsona eta eragileekin. Hala, prozesuko parte-hartzea herritarrei zabalduko zaie eraikinaren funtzionamendua eta kudeaketa modua zehazteko: "Epe ertain-luzeko prozesua izango da, eta 2025. urte osoan zehar garatuko da".
Emakume Txokoari dagokionez, prozesua martxan jarriko da Elhuyar kooperatibaren laguntza teknikoarekin. Martxoaren 13an, 18:00etan, Seminarixoan, Bergaran emakumeen txokoa, zergatik? mahai-ingurua egingo dute Euskal Herriko hainbat emakume-txokoetan esperientzia duten emakumeekin, eta ondorengo asteetan, Emakumeen Txokoaren gako ezberdinak landuko dituzte hausnarketa saioetan Bergarako emakumeekin. Lehenengo saioa martxoaren 21ean izango da udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:00etatik 20:00etara.
Bergarako Udalak prozesu hauetan interesa duten herritarrak eta eragileak parte hartzera gonbidatzen ditu: “Eraikin honen bitartez aspalditik bergararrek egin dizkiguten eskariei erantzun nahi diegu, eta horretarako garrantzitsua da datozen asteetan martxan jarriko ditugun prozesuetan parte hartzea. Prozesu honen helburua da espazio hauek guztion beharretara egokitu eta komunitatearen ekarpenarekin garatzea”, adierazi dute Gorka Artola alkateak eta Ainhoa Lete eta Maite Usabiaga zinegotziek.