Erreka Taldearen instalazioetan, Bergarako egoitzan, izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarietako batzuk, bisita instituzionala egin baitute. Azaldu dutenez, Errekaren 2025-2028 aldirako plan estrategikoaren hiru ardatz nagusiak ezagutu dituzte: "Antolaketa, hazkundea eta errentagarritasuna. Errekaren helburuetako bat bere eredua optimizatzea da, baita hazkunde organikoa eta ez-organikoaren aldeko apustua egitea ere, betiere lehendik dauden negozio unitateen errentagarritasuna eta lehiakortasuna sustatuz".
Bisita instituzionalean bi ordezkari izan dira Foru Aldunditik: Ane Insausti, Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, eta Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia. Horrez gain, han izan dira Juan Urzelai, FEX Fastening Excellence Center-eko zuzendari nagusia; Gorka Artola, Bergarako alkatea; eta Markel Azkargorta, Bergarako Udaleko garapen zinegotzia. Erreka Taldetik, berriz, Arkaitz Etxezarreta zuzendari nagusia eta Ainhoa Larrañaga Smart Fastening negozio-unitateko zuzendaria izan dira.
Bestelako aukerak
Plan estrategikoaren ardatz nagusiak ezagutzez gain, Erreka Taldeko arduradunek adierazi dute Smart Fastening negozioak garatutako "ingeniaritza-soluzio berritzaileak" ezagutzeko aukera ere izan dutela hara joan direnek, "hala nola EDB Erreka Digital Bot teknologia: soluzio horrek torlojuen karga zehaztasunez neurtzea ahalbidetzen du". Azkenik, "proiektu esanguratsu" batzuk ezagutuko dituzte: "Horien artean dago DUNE Deep Underground Neutrino Experiment. Proiektu honetan Erreka neutrinoen detektagailuaren egiturarako finkatze-elementu nagusiak hornitzen ari da, guztira 90.000 torloju, horietatik 5.000 EDB teknologiadunak".
Era berean, Conected Acces negozioaren instalazioak ikusteko ere baliatu dute bisita. "Unitate hori sarbide adimendun eta digitalizatuak kontrolatzeko sistema automatizatuen diseinu, fabrikazio eta instalazioan espezializatuta dago".
Erakundeen babesa
Erreka Taldeko ordezkarien hitzetan, ohar bidez adierazi dutenez, "funtsezkoa da erakunde publikoen babesa hazkundea sendotzeko, berrikuntza sustatzeko eta lehiakortasuna indartzeko", eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin "lankidetza estrategikoa, horrenbestez, funtsezkoa da lurraldearen garapen industriala bultzatzen jarraitzeko".