Euskararen erabilera aktibatzeko asmoz sortu zen Euskaraldiaren laugarren aldia maiatzaren 15etik 25era izango da, Elkar mugituz egingo dugu leloa oinarri hartuta. Bergaran 2024ko abenduaren 10ean jarri zuten martxan lehenengoz udaberri giroan egingo den Euskaraldiaren laugarren aldia, Kike Amonarrizen hitzaldi batekin. Bada, hurrengo zita garrantzitsua otsailaren 21ean izango dute, Seminarixoa aretoan. Egun horretan aurkeztuko dute Bergarako hamaikakoa, 19:00etan hasi eta ordubete inguru iraungo duen ekitaldian.
Artistak, musikariak, erraldoiak...
Hamaikakoa aurkeztea izango da hilaren 21eko ekitaldiaren helburua. Hamaikakoa osatzen duten kideen gaineko pista batzuk eman dituzte sare sozialetan, baina ekitaldira arte itxaron beharko da zein herritar aukeratu dituzten jakiteko.
Ekitaldiaren aurretik, baina, Beart-eko artistek Euskaraldiaren mural bat margotzen arituko dira, 16:00etan hasita, eta Bergarako Erraldoi Taldekoek eta herriko musikariek kaleak girotuko dituzte 18:00etatik 19:00etara. "Ordu horretarako, kalean bueltaka ibiliko dira Ahobizi eta Belarriprest pertsonaiak", adierazi du aurtengo Euskaraldiaren dinamizatzaile Andrea Bellak (Montevideo, Uruguai, 1978). Gainera, Jardunen eskutik, umeendako tailerrak ere egongo dira, 18:30etik 20:00etara, Seminarixoko arkupeetan.
Andrea Bella dinamizatzailea
Karmele Uribesalgo kazetari bergararrak aurkeztutako ekitaldian, Asier Galarzaren umoreaz barre egiteko aukera egongo da, bakarrizketa-saioa egingo du eta; ondoren emango dute ezagutzera hamaikakoa. Zuzeneko musika ere aurreikusten dute, eta, ekitaldia borobiltzeko, luntxa ere izango dute, San Joxepe erretiratu elkarteari eta pentsiodunei esker.
Euskaldun berria, Bellak urtebete eskas daroa Euskal Herrian bizi izaten. "Gogotsu eta oso motibatuta" ari da Euskaraldirako lanean: "Euskaraz bizi nahi dudalako etorri nintzen Euskal Herrira, eta gaur egun Zornotzan bizi naiz; hori bai, ia egunero nabil Bergarara joan-etorrian. Behar dena egiten ari naiz. Diseinatzen, posta elektronikoa kudeatzen, sare sozialak elikatzen, tabernaz taberna euskarazko ikastaroak eskaintzen, bilerak antolatzen... Behar denerako nago, oso motibatuta nabil. Euskaraldiaz harago, lehen hitza euskaraz esateko ohitura oso barneratuta daukat".