Euri zaparradari aurre eginez batu zen bergarar koadrila atzo, egubakoitza, San Martin plazan. Joan den otsailaren 4an Irunen izandako hilketa matxista salatzeko batu ziren herritarrak ordu erdiz, eta ondoren antolatzaileek idatzi bat irakurri zuten. Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik elkartsuna adierazi zieten senide, lagun eta gertukoei. Eta ondoren gaineratu zuten nazkatuta, nekatuta eta haserre daudela, baina hala ere, prest daudela erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzera kalera ateratzeko. "Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean minutu bateko isilunea egitea baino zerbait gehiago egiteko eskatzeko, eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki".
Salatu zuten jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago dela hau. "Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu; indarkeria matxista da emakumeon diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez". Gaineratu zuten emakumeak emakume izateagatik erailtzen dituztela eta errealitate gordin horri aurre egiteko urgentziazkoa mekanismoak behar dituztela. "Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu".
Egungo jarrera konplizeak alboratu egin direla esanez amaitu zuten, eta autodefentsa feministarako deia egin zuten. "Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak". Hala, dei egin zuten Irunen nahiz Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.