Euskararen kudeaketan egindako ibilbidea aitortu diote Danobatgroup kooperatiba taldeari

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ots. 7a, 09:47

Taldeko kooperatiba guztiek euskara planak eta Bikain kalitate ziurtagiriak dituzte, Emunekin lankidetzan egindako 25 urteko lanaren ondorioz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasoro Iturbe bisitan izan da.

Danobatgroup industria taldeak erakundearen barruan zein kanpoan euskararen erabilera sustatzeko eta integratzeko bi hamarkada baino gehiagoko lan proaktiboa aurkeztu dio Aldasoro sailburuordeari. 

"Gaur egun, gure enpresa guztiek dituzte euskara planak eta Bikain kalitate ziurtagiriak hizkuntza kudeaketan. 2024ko abenduan, adibidez, taldeko zerbitzu orokorrek eta Danobat kooperatibak urrezko bi Bikain ziurtagiri jaso zituzten, aitorpen maila gorena, eta Soraluce enpresak zilarrezko ziurtagiriaren mailarik altuena lortu zuen. 2023an Goimek kooperatibak urrezko akreditazioa jaso zuen", nabarmendu du Danobatgroupeko Euskara Batzordeko koordinatzaile Idoia Bustinduyk.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Danobat enpresaren instalazioak eta industria errealitatea bisitatu dituzten, eta bertatik bertara ezagutu dituzte eguneroko hizkuntza paisaia, euskara planaren mugarri nagusiak, euskararen 2025-2028 plan estrategiko berriaren erronkak eta taldeko enpresa bakoitzaren kudeaketa sistemetan euskara integratzeko dinamikak eta gakoak.

"Euskararen aldeko apustu argia dugu, eta gaur egun esan dezakegu gure enpresa guztietan integratuta dagoela, baina emaitza horiek ez ziren posible izango gure pertsonen konpromiso gabe, eta Emunen aldetik urte hauetan guztietan jaso dugun laguntzarik eta aholkularitzarik gabe", gaineratu du Danobateko lehendakari eta Danobatgroupeko lehendakariorde Jose Antonio Hidalgok.

1.400 pertsona baino gehiagoko lantaldea

Mondragon Korporazioko kide, industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 70 urteko ibilbidea du Danobatgroupek eta 1.400 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla. Urtean, 337 milioi euroko fakturatzen ditu.

Danobat, Soraluce eta Goimek kooperatibek osatzen dute Danobatgroup, eta nazioarteko erreferentea da makina-erremintaren eta fabrikazio industrialeko teknologien sektorean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak