Irakasletzako gradua ikasten diharduzu; zein zen, txikitan, zure ikasgai gustukoena eta zein gorrotatuena?
Betidanik gustatu izan zait Euskara eta Literatura ikasgaia; beraz, hori aukeratuko nuke. Gorrotatuena, berriz, Ingelesa izan dela uste dut; denborarekin gero eta gehiago gustatu bazait ere, txikitan gutxien gustatzen zitzaidana zen.
Ilea mozten ere ibiltzen zara; nolatan?
Beti izan dut lanbide horrekiko interesa; ilea moztera joaten nintzenean, beti egiten nizkion galderak ile-apaintzaileari. Duela urte eta erdi, lagun batek erabiltzen ez zuen makina utzi zidan, eta orduan hasi nintzen jendeari ilea mozten. Gero, nire marka pertsonala sortu nuen: Txinbostyle; eta, ordutik hona, gertukoak ez direnak ere etortzen dira ilea moztera. Aprobetxatu egin nuen sare sozialetan edukia sortzeko, eta uste dut jendeari gustatu zaiola. Pozgarria da bezeroek zerbitzua irribarre batekin amaitzea.
Ilea mozteko erabiltzen duzun ispilua pegatinaz beteta dago; zein da guztietatik bereziena?
Bezero bakoitzak dauka pegatinak ispiluan jartzeko aukera, eta oso harrera ona izan du ekimenak; pegatinaz beteta dago. Bereziena Sotoalde taldearena da, lehenengoa izan zelako eta bertako kide Linzo-k lagundu zidalako guztiarekin.
Unibertsitateko hirugarren urtea izanik, kanpora ikastera joateko asmorik bai?
Bai. Hirugarren urtea izanik, Buenos Airesera joango naiz martxoan, eta han egongo naiz uztailaren bukaerara arte.
Ikastera bakarrik?
Ikasi ere zerbait ikasiko dugu, baina asmoa da herrialdea, jendea eta kultura ere ezagutzea. Denetik egingo dugula uste dut.
Tartean, parranda, ezta?
Bai, noski! Astero hainbatetan irtengo gara. Ezagutu egin beharko dugu Argentinako parranda ere; kar-kar.
Buenos Airesen ilea mozten jarraitzeko asmorik baduzu?
Bai; hemendik eramango dut beharrezko materiala, eta uste dut han Txinbostyle-ren norabidea aldatu egingo dela. Beste eduki mota bat sortzeko asmoa dut, eta baditut ideia batzuk. Aberasgarria izango dela uste dut; herrialde berri bat da eta jende berriarekin ibiliko naiz, etengabe.
Ispilua eramango duzu?
Ez daukat asmorik, ez. Traste handiegia da, eta Bergaran geldituko da; kar-kar.
MOTZEAN
Bisitatzeko toki bat? Budapest.
Itzuliko ez zinatekeena? Fuengirola.
Boulderra ala mendia? Mendia.
Basamorturako kita. Txapela, ura eta lo-zakua.
Ilea luze ala kaskamotz? Niretzat bada, luze samar.
Ametsetako ogibidea? Usainen dastatzailea izan nahi nuen txikitan.