Bihar jokatuko da gimnasia erritmikoko Gipuzkoako Amateur Txapelketaren lehen fasea, Labegaraieta kiroldegian, eta jardunaldi horrekin emango diote hasiera denboraldiari. Saioak 10:00etatik 14:30era izango dira; eta, bazkaltzeko etenaren ostean, 16:00etatik 20:00etara. Hemezortzi klubetako kadete, gazte eta senior kategorietako gimnastek hartuko dute parte, A, B eta C mailetan banatuta, eta Debagoienetik Bergarako Ariznoa eta Arrasate Dragoi taldekoak arituko dira; bergararren kasuan, hamazazpi kirolari izango dira eta A eta B mailetan lehiatuko dira.
Taldekakoarekin hasiko da jardunaldia, kadeteen erakustaldiarekin, C mailatik A mailara, eta, ondoren, ordena berbera mantenduko dute, bakarkakoekin. Ostean, master eta plus kategorietakoen txanda izango da, bakarka. Arratsaldean, gazteen taldeak izango dira lehenengo, eta bigarrenak, seniorrak. Arratsaldearen azken zatian, gazte mailakoek eta senior mailakoek zapalduko dute tapiza, bakarka.
Ariznoako hamazazpi gimnasta
Taldeka zein bakarka azken asteetan landutakoa epaileen eta ikusleen aurrean erakutsiko dute Ariznoako gimnastek, hiru taldetan –bi kadete mailakoak eta bat senior mailakoa–, eta bakarka senior A mailako Itziar Alberdik.
Ainize Lizarralde eta Irati Gardoki dira Ariznoa taldeko entrenatzaileak, eta adierazi dute zapatuko helburua dela gimnastek txapelketekin urteko lehenengo kontaktua izatea eta, "horrek dakarren urduritasunaren kudeaketa eginda, ahalik eta lanik txukunena egitea".
Helburuei eutsi
Ikasturte honetan 85 gimnasta dabiltza Ariznoa taldean, aurre- benjaminetatik hasi eta senior mailara arte. Benjaminek erakustaldiak egin ohi dituzte, eta alebinetan hasten dira lehiatzen, senior mailara arte.
Hala, helburuak finkatuta dituzte eta bi entrenatzaileek azpimarratu dute urtero moduan ikasturteko azken txapelketak ahalik eta ondoen egitea dela: "Faseetan hobetzeko gauzak aurkitu, eta, ondoren, Gipuz koako finalean eta Euskadiko Txapelketan lan txukuna egitea".
Denboraldiari ekinda, martxoaren 16an Ibarran jokatuko da Gipuzkoako Amateur Txapelketaren bigarren fasea. Gainera, datorren asteburuan Azpeitian jokatuko den Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketako lehen fasean hartuko dute parte bergararrek.