2024an Bergarara bizitzera etorri zirenei ongietorri ekitaldia egingo die Udalak, hilaren 15ean, eguerdiko hamabietan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Udalak adierazi du 250 etxetara bidali dituztela gonbidapenak, eta, guztira, 30 nazionalitate baino gehiagoko pertsonak direla.
2023an jarri zuen ekimena martxan Udalak, eta nabarmendu du inoiz baino jatorri eta kultur aniztasun handiagoa dagoela herrian, eta aniztasuna kudeatzea dela Bergaran dagoen erronka nagusienetakoa. Etorri berriei harrera egiteaz gain, komunitateko eragileak ezagutzeko aukera izango dute. Horregatik, horren ostean, elkarrekin hitz egin eta harremanak sortzeko tartea egongo da.
Hala, ekitaldira bertaratzeko asmoa duten herritarrei izena emateko dei egin diete otsailaren 14a baino lehen, Udalarekin harremanetan jarrita: 943 77 91 00 telefono-zenbakira deituta edo harrera@bergara.eus helbide elektronikora idatzita.